Europako Txapelketa bezalako ekimen erraldoiak sarreran aipatu dugun negozio horren adibide dira. Garaikurra ez ezik, milioika euroko irabaziak daude jokoan. Ondorioz, pandemia egoeraren erdian, eskala geopolitiko zabaleko harraparitza-lehia piztu da txapelketa non jokatuko den ebazteko. Bilbo hautagaien artean dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio publikoek ere esku hartu dute, futbol federazioez eta enpresez gain. Halere, makro-ekitaldiaren bueltan sortutako guztia ez da diruzalekeria izan. Gurean, egitasmoaren zilegitasuna ezbaian jartzeko argudioak mahai-gaineratu dituzten mugimendu sozialak ere piztu dira. Azter ditzagun Eurokoparen nondik norakoak eta hautsak harrotu dituzten gako nagusiak.
Hasitakoa amaitzeko
Txapelketa 2020ko ekainean jokatu behar zen, Europako hainbat herrialdetako futbol zelaietan –San Mamesen tartean, non Espainiako selekzioak jokatuko zukeen etxeko talde gisa–, baina bertan behera geratu zen COVID-19a dela-eta. 2021. urteari begira jarrita, Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak ohartarazpen hau jaurti zuen Movistar+ telebista kateko albistegian, ziurgabetasun pandemikoa bete-betean zela: “Erabat ziur nago 2021ean Eurokopa ospatuko dela”. Herrialde anfitrioien inguruan galdetu ziotenean, aldiz, ez zuen erantzun argirik eman: “Hamaika, zortzi, bost ala bakarra izan daitezke”. Horrez gain, ez zuen espresuki adierazi derrigor bermatu beharko direla estadioetan ikusleak bildu ahal izateko baldintzak. Hasiera batean behintzat.
Joan den urrikoak dira hitzok, eta geroztik erakundeek omertá gorde dute publikoki Eurokoparen inguruan. Urte berriarekin batera, egoitza bakarraren inguruko zurrumurruak zabaldu ditu UEFA Europako Futbol Federazioak, eta horrek posizionamendu ugari ekarri ditu. Deia egunkariaren arabera, “Eurokopa jasotzeko aurreikusten diren eszenatoki ugariei buruzko ikerketa” bidali zion Bilboko Udalak UEFAri otsailaren amaieran. COVID-19aren egoeraren arabera, publikoarekin, publikorik gabe edo publiko mugatuarekin antolatzea baloratuko dute osasun-autoritateek. UEFAk, berriz, osasun-baldintza egokiak aurkezten saiatuko diren erakunde publikoen txostenak jaso ondoren, txapelketa “baldintzarik onenetan” jokatzea ahalbidetuko duten hiriburuak hautatuko ditu apirileko goi-bileran; irizpide ekonomikoak lehenetsiz, noski. Besteak beste, harmailen %25-30 artean betetzea ezartzen dute baldintza gisa. Bilboko Udalak, edozein kasutan, egoitza izateko aukera defendatu du behin eta berriz, dagoeneko 1.300.000 euroko inbertsioa egin baitu proiektuko segurtasun zein mugikortasunerako prestakuntza-lanetan. El Correo egunkariak Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesen hitzak jaso zituen, UEFAri ondokoa erregutuz: “Norbaiti entzun diot [Eurokopa] publikorik gabe ez dela errentagarria. Hiru partida edukitze hutsak eta munduaren aurrean erakusleiho izateak publizitatean milioi asko balio duen ukiezina darama, harmailak hutsik egon arren”.
El Mundo egunkariak otsailaren 18an aditzera eman zuenez, kirol jardueren emaitza ekonomikoa baldintzatzen maisuki aritzen da Rubiales, zeinak kereila bat jaso baitzuen ustezko hertsapen, mehatxu zein prebarikazio administratiboengatik. Ikus-entzunezko eskubideen ustiapena lortzeko Iberdrola Ligako taldeak estutzea leporatu diote.
Errentagarritasuna kolokan
Hainbat instituzio irrikaz dira Eurokopa Bilbon joka dadin, kosta ahala kosta. Izan ere, aurreikuspenei begira, Rubialesek ez ezik, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziak ere gogorarazi zuen Eurokopak hasiera batean 5,5 milioi euroko gastua zekarren arren, “beste 84 milioi” itzuliko zituela. Hori guztia, gainera, “hoteletara, jatetxeetara, dendetara eta bestelako saltokietara” joango litzateke, Ochandianoren aburuz. Haien zoritxarrerako, azken zifra hori murriztu egingo litzateke publikorik ez balego edota edukiera murriztuko balute. Ceferinek argi du zaletuen garrantzia, balantze ekonomikoa epika futbolzalez apaindu arren: “Zaletuek egiten dute futbola horren berezi, eta hori beste edozein txapelketatan bezain egia da Eurokopan. Ahalik eta tarte gehien eman behar diogu geure buruari estadioetara itzuli ahal izateko”.
“Baita barraskilo lasterketa ere, beharrezkoa balitz”
Hainbat estatu eta euren futbol federazioak UEFA limurtzen saiatzen ari dira, mozkinen zatia poltsikoratzeko helburuarekin. Bide horretan hitz ederrek ezer gutxi balio dute, baldin eta herrialdeak ez badira azpiegitura aproposak, baldintza pandemiko “leunak” edota segurtasun irizpide zorrotzak aurkezteko gai. America TV atariak herrialdeen arteko asimetriak nabarmendu zituen, hautagai potentzialen indar zein ahulguneekin. Izan ere, UEFAren aukera bat “herrialde bakarreko Eurokopa” litzateke, Errusia ala Alemania anfitrioi, bietan baldintza epidemiologikoak zertxobait hobeak diren heinean. Bigarren hipotesia, aldiz, txapelketa osoa biltzeko adina futbol zelai dituen hiriburu bakarrean egitea da: Londresen, non COVID-19aren aldagai britainiar arriskutsua dagoen. Azkenik, “hamabien Eurokopa” legoke, mugikortasunaren neurri murriztaileek hein handi batean oztopatzen dutena.
Horiek dira hautagaitzaren lehiarako baldintzak. Bien bitartean, herrialde bakoitzeko hedabideek, futbol federazioek zein instituzioek etsi-etsian zuritzen dituzte euren buruak, pastelaren zati bat eman diezaieten. El Independiente hedabideak Bilboko PSEko bozeramaile eta zinegotzi den Alfonso Gilen hitzak ekarri ditu gogora otsailaren lehenean: “Ba al dakizue zenbateko inpaktua izango duen, hiriaren irudiari dagokionez? Edozein ekitaldi antolatu behar genuke, baita barraskilo lasterketaren munduko txapelketa ere”. Erreguak erregu, UEFArena izango da azken hitza, eta lerrook idazten garen unean erabakia hartzeke dagoen arren, bistan da zeintzuk diren erakundearen lehentasunak. Bilbok irizpideak beteko dituen ala ez, hor dago koxka.
Israel boluntario
Gisa honetako beste zenbait ekitaldi handitan gertatu den moduan, Eurokopa hartzeko ere bere burua aurkeztu du Israelek. Maniobra horrek bi helburu ditu behinik behin: Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den sarraskia ezkutatzea eta nazioarteko komunitatearen aurrean “Europako herrialde zibilizatua” dela erakustea, BDS bezalako mugimenduek salatu dutenez. Gainera, Marca kirol egunkariak seinalatu duenez, Israelek bere zuzenbide estatuko herritar gisa aitortzen dituen 9 milioi biztanleetatik 3,8 milioik COVID-19aren aurkako txertoa jaso dute jada. Europakoak baino zifra hobeak dira, inondik inora. Hori gutxi balitz, Txapeldunen Liga bertan jokatzeko aukera ere luzatu du Israelek, eta eskaintza baloratuko duela erantzun dio UEFAk.
Etekin ekonomikoen bila
Euskal Herrira itzuliz, beste aktore esanguratsu batek salto egin du Eurokoparen tirabiraren joko-zelaira: Eurocopa Honi Ez plataformak. Historia bulego dotoreetatik kanpo ere idazten denez, mugimendu sozialek euren apustua egin dute ekitaldi erraldoiaren aurrean.
Kolektiboa kritiko azaldu zen Bizkaiko hiriburuak 2020ko Eurokopa jaso zezakeela jakin bezain laster, eta hari muzin egiteko hainbat arrazoi zerrendatu zituen, hala nola, “langile klasearen esplotazioa areagotzea, euskal selekzioaren ofizialtasuna ukatzea, emakume langileek sufritzen duten biolentziaren areagotzea eta Euskal Herria faxistaz eta polizia indar armatuz betetzea”. UEFA eta gainerako instituzioak egitasmoa 2021erako berrantolatzen hasi zirenean, Eurokopa Honi Ez-ek salatu zuen “osasunaren gainetik etekin ekonomikoak” lehenetsi direla, “askatasun politikoak murriztu eta gizartea kriminalizatu”. Gelditu dezagun kanpaina jarri zuen abian, eta bide horretan, apirilaren 10ean Bilbon mobilizatzeko deialdi nazionala egin zuen.
Drone bat San Mamesen
Martxoaren 20an, Athletic eta Eibarren arteko partidaren 68. minutuan objektu hegalari bat lurreratu zen San Mames estadioko berdegunean, Bilbao 2020 Eurocopa Honi Ez lemadun bandera laranja zintzilik zeramala. Tramankulua drone bat zen, urrutitik pilotatutako hegazkin txiki bat. Ekintza horrek bi ondorio bederen izan ditu, txapelketa Bilbon ospatzea nahi dutenek begi onez ikusiko ez dituztenak. Alde batetik, Eurocopa Honi Ez plataformaren aldarrikapen kritikoak zelai erdira eta mundu osoko hedabideetara zabaldu dira. Bestetik, estadioaren segurtasun protokoloa ezbaian jarri du, Eurokopako hiriburuen hautaketa prozesuaren erdian. Horrek guztiak erakusten digu Eurokopa boteretsuentzat futbola baino zerbait gehiago den bezala, gizarte mugimenduetako kideentzat ere kiroletik harago doala, politizaziorako abagune eta gudu-zelai bat gehiago bilakatzea lortu baitute.