Euskararen erabilerak behera egin du eskola giroan, eta batez ere D ereduan

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2021ko mai. 10a, 12:09

Arrue ikerketaren arabera, erabileraren goranzko joera eten egin da. 2011tik 2015era bitartean, EAEn, LH4ko eta DBH2ko ikasleen euskara-erabilerek gora egin zuten eskolan. Aldiz, 2017ko datuek beheranzko joera erakutsi dute. D ereduan atzerapausoak nabarmenagoak dira. 2019ko datuak udazkenean argitaratuko dira eta orduan ikusi ahal izango da atzeraldiak jarraipena izango duen ala 2017ko datuak salbuespena diren. 

Arrue ikerketa 2004an jarri zen abian. Arretagune nagusi bat du: EAEko ikasleek eskola giroan dituzten hizkuntza erabilerak aztertzea. 2011tik hona, bi urteko tartearekin, eskolako hizkuntza erabilerak aztertu dituzte, ikasleei egindako galdeketen bidez. Hala, gaur egun 2011ko, 2013ko, 2015eko eta 2017ko emaitzak alderatzeko moduan dira. 2019ko emaitzak prestatzen ari dira. Ikerketaren datuak Soziolinguistika Klusterrak landu ditu, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz.

Lau motatako erabilerak neurtzen dituzte eskola giroan: ikaskideekin gelan, ikaskideekin jolaslekuan, irakasleekin gelan, eta irakasleekin gelatik kanpo. Bi mailatako ikasleak hartzen dituzte aldiro: Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak (9-10 urte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailakoak (13-14 urte).

2011tik 2017rako bilakaera begiratzen bada, ikusten da eskolako erabilera orokorrak (aipatu berri ditugun lau motatako erabileren batez bestekoa) antzeko mailari eusten diola. Bai LH4n bai DBH2n, goranzko joera xumea ageri da, 2,1 puntuko igoera eta 0,8 puntuko igoera, hurrenez hurren.

Bilakaera osoa begiratu beharrean, 2015etik 2017rako aldeari begiratzen bazaio ordea, goranzko joerak beheranzkoa hartu duela ikusten da. LH4n lau erabilera motetatik hiruk behera egin dute eta DBH2n denek egin dute behera. Udazkenean iritsiko diren 2019ko emaitzak esanguratsuak izango dira 2017ko datuek erakutsi duten beheranzko joera baieztatzeko edo ezeztatzeko.

D ereduan 2011tik ari da erabilera jaisten

Lau erabilera motak eta bi ikasmailak kontuan hartu eta 2017ko datuak baxuagoak dira 2011koak baino. Salbuespen bakarra dago: LH4ko ikaskideak jolaslekuan elkarrekin ari direnean. 2011tik 2017ra LH4ko erabilera orokorrak 2,2 puntu egin du behera eta DBH2koak 4,1. Batik bat 2015etik 2017ra egin du behera.

 

2011tik 2017ra LH4ko erabilera orokorrak 2,2 puntu egin du behera eta DBH2koak 4,1. Batik bat 2015etik 2017ra egin du behera. Infografia: "EAEko ikasleen euskararen erabilera eskola-giroan (2011-2017)".
Egileen gogoetak

Ikerketak, erabilera datuak emateaz gain, Iñaki Martinez de Luna eta Pablo Suberbiola egileen hainbat gogoeta soziolinguistiko jaso ditu. Besteak beste, txostenak dio gizartearen batez bestekoa baino nabarmen euskaldunagoa dela eskola esparrua, eta adin eta erabilera mota batzuetan oso ageriakoa dela aldea. Adibidez, 9-10 urteko haurrak ikaskideekin gelan daudenean, euskararen erabilera %66,5ekoa da eta adin horretakoen batez besteko etxeko erabilera %29,5ekoa. Eskolak erabilerari eusteko dituen mugak mahai gainean jarri dituzte egileek ordea, eta oso bestelako adibidea eman dute: 13-14 urteko gaztetxoak ikaskideekin jolaslekuan daudenean erabilera %21,8koa da eta etxeko erabilera %21, ia pareko. Txostenak sozializazioaren ikuspegia hartu du kontuan halako datuak interpretatzeko. Alegia, ikasleak zenbat eta zaharragoak izan orduan eta sozializazio esparru zabalagoak dituzte, eskola hainbat sozializazio eremuren artean bat baino ez da. Era berean, EAEn ia gizarte ingurune guztiak eskola giroa baino erdaldunagoak dira eta beraz ikasleek gizarte ingurune erdaldun horien eragin gero eta handiagoa jasotzen dute. Ez da kasualitatea euskara erabilera maila baxuenak ikerketak neurtzen dituen lau erabilera motetatik ‘ikaskideekin jolaslekuan’ atalean gertatzea, kaleko errealitatetik nolabait hurbilen dagoen egoeran.

Txostenak D ereduaren inguruko zenbait hausnarketa mahai gainean jarri ditu. Horietako gogoeta batek dio sarri aipatu izan dela eskolaren esku utzi dela neurri handiegian belaunaldi berrien euskalduntzea eta agian errazegi pentsatzen dela “D ereduan ari direnez” ikasleek izango dituztela euskaraz aritzeko behar adinako baldintzak. Txostenaren egileek hala diote: “Badaude arrazoiak pentsatzeko hainbat eremu eta ikastetxetan, irakasle eta arduradunentzat, D ereduaren baitan ikasleei euskarazko ingurune eraginkor bat eskaintzea (gero eta) zailagoa suertatzen ari dela azken urteetan”. Haien proposamena da gogoeta egitea behar diren osagarriez, indartzeez edo baliabide berriez zailtasun horiek orekatzeko.

D ereduaren inguruko beste gogoeta batean irakasleak dira ardatz. 2011tik 2017ra bitartean LH4ko haurren artean, irakasleekin gelaz kanpo dituzten harremanetan erabilerak behera egin du. Txostenak proposatzen du zazpi urte horietan irakasle ari direnen arteko hizkuntza erabileratan nolako aldaketak egon diren eta horien zergatiak aztertzea. Eta hala zehazten du: “Ziurrenik baliabide edo indargarri berriak beharko dira orain arteko irakasleen euskarazko erabilera mailei eusteko edo horietatik haratago joateko”.