Kontseiluak ARGIAko erredakziora bidalitako prentsa oharraren arabera, "azken boladan hainbat auzitegitatik, eta oro har botere judizialetik, aurrera garatzen ari diren joera atzerakoiei segida ematen die Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak". Aurtengo maiatzean Irungo udaltzaingorako lan-deialdietatik hizkuntza-eskakizunak atzera bota zituen areto beretik dator erabaki hau. Erabaki horren karietara, Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean bilkura deitu zuen Kontseiluak, ohartaraziz botere judizialak, beste behin, bere eskumen bihurtu nahi duela hizkuntza-politika, "berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz".
Zentzun honetan, egungo marko juridikoaren irakurketa berritua egiten ari dela salatu du Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak, "jurisprudentziaren bidez euskaldunon, eta oro har egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetako hiztunen eskubideak murrizteko".
Oraingo erabakiari dagokionez, Kontseiluak uste du auzitegiak planteatu duen aferak ofizialtasunaren printzipioaren aurka egiten duela, "gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berresten da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa". Auzitegiaren tesiek aurrera egitez gero, "agerian geratuko da hizkuntza ofizialak bi mailatan sailkatzen direla, gaztelania eta gainerakoak", eta hari horri tiraka, "lehen eta bigarren mailako herritarrak bereiztea bezala litzatekela", azaldu du Kontseiluko eledunak.