Ibilbide artistikoaren edo atzera begiradakoaren ideiarekin hautsi nahi izan du Ana Laura Aláezek Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaon daukan bakarkako erakusketan. Horretarako, obra historikoak obra berriekin batera aurkeztu ditu, garai eta leku ezberdinen artean oihartzunak sortuz eta erakusketaren irakurketa atenporala ahalbidetuz. Era berean, Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío (Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik) artistaren autoerretratu gisa funtzionatzen duen proiektua da bere konplexutasun, zalantza eta haustura guztiekin. Etengabeko transformazioan dagoen artista da Aláez, askotan erori eta lurra ukitu duela aitortu badu ere, altxatzen jakin badakien horietakoa.