Astelehen goizean burutu dute ekintza Ernaiko militanteek. Motorreko giltzarrapo batekin sarrerako ateetako batera lotu da gazte bat, “gazteontzako bizitza duinak” lelodun kartela eskutan. Ondoren, beste gazte talde bat sarrerako teilatutxora igotzen saiatu da eskailera bat baliatuta, pankarta bat zabaltzeko helburuarekin, baina dorrearen segurtasun pribatuko poliziek indarrez eragotzi dute. Inguruan gazte gehiago zeuden aldarriak oihukatuz eta kateatutako gazteari animoak emanez. Azkenik suhiltzaileek askatu dute gaztea.
Prekarizazioaren aurka
“Etengabeko prekarizazioan murgilduta dago gazteria: ez enplegu duinik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere ez. Eta horrek guztiak erantzule jakinak ditu: egoeraz baliatu eta etekina ateratzen ari diren erantzuleak”. Hitz horiekin azaldu du Eranik Iberdrola dorreko ekintza. Egoera horri kalean erantzuna ematea ezinbestekoa dela adierazi du gazte antolakundeak: “ Euskal Herriak egoera irauli beharra dauka; errotiko aldaketak behar ditugu Herri gisa datorren krisi sozialari, ekologikoari, ekonomikoari... aurre egiteko. Mugimendu sozial eta herritar indartsua behar dugu aldaketa horiek bultzatzeko”.