zozketa

'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina abiatu du Errigorak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2022ko mar. 11a, 11:30

'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura\' kanpainaren aurkezpena IruƱeko Geltokian. Argazkia: Errigora

Martxoaren 10etik 30era arte bitarte egingo dute Errigoraren kanpaina berria. Ostegun goizean aurkeztu dute Iruñeko Geltokian ekimeneko kideek, Bardea olio-errotako Kiko Fernandezek eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari Mirian Otxotorenak. Emeki-emeki, Nafarroako baratza aldatzen ari direla azpimarratu dute.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina berriaren bitartez kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu nahi dute. Martxoaren 10etik 30era Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskuragai jarri dituzte, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Azken urteetan Errigorarekin bat egin duten milaka herritarrei esker, Nafarroako baratzean "pausu sendoak" ematen ari direla azpimarratu dute, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduak ohiko bihurtzeko bidean: "Bestelako ereduentzat lur-eremu berriak irabazi, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman eta euskarari olio-errota eta kon­tserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiogu".

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta 200 bat herritan daude banaketa-guneak.

Errigora auzolanean antolatzen dela gogorarazi dute, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker.

Zozketa Bilboko Uriolan

Errigoraren kanpaina berria martxan dagoela eta, Bilboko Uriolak Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako bi saski zozketatuko ditu. Parte hartzeko epea martxoaren 17ra arte egongo da irekita, eta esteka honetan egin daiteke. Bertan daude zehaztuta bete beharreko baldintzak. Zorte on!