Bilboko erdigunean etxarte baten bila nabil. San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian kale-kantoi urdinxka bat omen dago, eta, bertan, ezohiko arte-galeria bat. Galdu samar nabil bi dendaren artean hondo urdinean El Callejon Zollo. Molcris idatzita ikusi dudan arte. Pasadizoa igaro eta aldapan behera noa kale estu eta sakonean barrena, alde batera eta bestera urdinez margotutako etxabeak aurkitzen ditut. Gezurra dirudi hau Bilbo denik. Leiho-ate bi ikusten ditut, kaktus luzexka bat, zintzilik erortzen den landare zukutsua, eta horien erdian urre koloreko lau hizki handi: A I R E. Aire galerian burua sartu orduko antzeman ditut Iñaki Imazen margolanak.