Agerraldia egin du gaur Gure Eskuk Pirinioetako Bidea ekimenaren berri xeheago emateko. Uztailaren 2an 300 gailur baino gehiago argituko dituzte, Gure Eskuk eta ANC eta Kataluniako Mendizaleen Federazioak antolatuta. Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteak dira laguntzaileak.
Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeek elkarlanean antolatutako lehen ekimena dela nabarmendu dute Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileek. Epe luzeko elkarlanaren bide hasiera izango dela aurreratu dute, elkartasunetik elkarlanera emandako pausoa.
Pirinioak argiztatuz herrien autodeterminazioaren alde nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi dute antolatzaileek. Gure Eskuren aburuz, “lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori burura eramatea. Demokrazia eta askatasun kontua da”. Mezu hori hedatu eta ikusarazi nahi dute.
Ekimenaren helburua aktibazioa dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen dugu", azaldu du Alvarezek. "Uztailaren 2an, euskal herritarrok 120 gailur argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, helburua 'zortzimilako' bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”.
Era berean, ordezkari politikoez kexu agertu da Alvarez: “Nahiago genuke adierazpen gutxiago entzun eta ekintza gutxiago ikusi. Zain dirudite, beste eszenatoki batzuetan zer gertatuko zain, hauteskunde zikloak noiz pasako zain”. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrari burujabetzari buruzko eztabaida berraktibatzeko eskatuko diote ekainaren 22an, “uste dugu gizartea nekatuta dagoela une egokia ez dela entzuteaz. Herri honek hori baino anbizio handiagoa merezi du. Herri honen burujabetza nahia ez da itzali, eta ez dugu uste itzaliko denik”.
Uztailaren 2an 300 gailur inguru argiztatuko dituzte Pirinio osoan, horietako 120 euskal herritarrek. Gailur berdeak eta gorriak bereizi dituzte, irisgarritasunaren arabera. Gailur berde guztiak Euskal Herrian daude eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. Herrien arabera banatuta daude gailurrak, eta parte hartzaileek webgunean nongoa den adieraztean gailur bat edo batzuk proposatuko zaizkio, herrikideekin batera joateko. Gailur gorri gehienak, aldiz, Erdialdeko Pirinioan daude eta mendizale trebatuentzat dira egokiak. Izen-emate mugatua izango dute eta gailurren zerrendatik bat hautatutakoan antolatzaileei mezua idatzi behar zaie pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora. Izen ematea martxa onean doala aurreratu dute antolatzaileek.
Gailurretara 21:00etarako igo beharko da, eta eguzkia sartzen denetik ilundu arteko denbora tartean izango da ekintza, 21:45etatik 22:30etara, gutxi gorabehera. Hala ere, mendian gora igo nahi ez duenarentzat gunea ere egongo da Jaizkibelgo Guadalupe inguruan, musika eta iluntzea igarotzeko giro aproposarekin.
Catell de Llivian izango da ekitaldi politiko nagusia eta antolatzaileek hartuko dute hitza bertan. Zuzeneko emisioa egingo dute bertatik, eta baita gailurretatik ere. ARGIAn ere ikusgai egongo dira, zuzenean, Pirinioetako argi-lerroa eta ekitaldi politikoa.