Ekainaren 28an, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, ortzadar koloreek hartu dituzte Hego Euskal Herrian ere kaleak. Transmaribibolloak tinko! Zisheteropatriarkatuari sua goiburuarekin egin dute manifestazioa Iruñean, Zistemaren aurrean matxinatu gaitezen eta Faxismoa ez da pasako. LGTBI harrotasuna, klaseko harrotasuna leloak airatu dituzte Gasteizen, Eskaparate hiriari intsumisio transmaribolloa irakur zitekeen Donostiako mobilizazioko pankartan, eta Transfobiaren aurrean tinko! Aski da konplizitateaz, posizionatu zaitez izan da aldarri nagusia Bilbon. Jo puntuan jarri dituzte kolektiboak pairatzen dituen zapalkuntza espezifikoak, diskurtso transfobo eta faxistak... Harrotasun Egunaren jatorri eta izaera kritikoan berretsi dira, data eta LGTBI borroka edukiz husten duten egitasmoengandik bereiziz. Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazioen argazkiak bildu ditugu.