Teheranen barrena zioala atxilotu zuen Polizia Moralak, irailaren 14an, 22 urteko Mahsa Amini. Jatorriz Rojhilatekoa [Ekialdeko Kurdistan], familiarekin joana zen hirira egun batzuk pasatzera. Hijab-a egoki jantzita ez eramatea egotzirik, komisariara eraman zuten, “berreziketa” gauzatzera. Ile-xerka bat zeraman zapitik kanpora, hori gaztearen delitua. Atxiloketaren egun berean ospitaleratu zuten koma egoeran, eta irailaren 16an hil zen. Irango autoritatearen arabera, bihotzekoak jo zion; senideek, aldiz, argi dute torturen ondorioz hil dela. Iritzi bera nagusitu da jendartearen zati handi batean, eta suminak protestan altxarazi ditu hainbat herritar. “Esan dezaket Irango Errepublika Islamikoa indarrean denetik jazo diren protesta handienak direla”, adierazi digu Maryam Fathi kurduak irailaren 30ean. Ordutik protestek ez dute izan etenik, eta hedatuz joan dira bai Iranen bai Irandik kanpo. Egoerari buruz gehiago eta lehen eskutik jakiteko bildu gara Fathirekin, Bilbon bizi den Rojhilateko errefuxiatuarekin. KJAR Ekialdeko Kurdistango Emakume Askeen Elkarteko arduraduna da Europan.