Hamabi urte bete zituen pasa den azaroan Bulegoa z/b arte- eta jakintza-arloko espazioak. Bilboko Solokoetxe auzoko bulegotik, urteak daramatzate arte garaikidearen esparruan programak, mintegiak, eztabaidak eta ikerketa-proiektuak garatzen. Proiektuaren izana eta izaera kolektiboa da, eta hala dabiltza jardunean ere, inguruko eta atzerriko artista, ikertzaile, eragile, plataforma eta erakundeekin etengabeko hartu emanean. Tankera honetako proiektu sortzaile eta independenteen biziraupena ez da batere erraza, horregatik, urteurrenaren aitzakiaz baliatu gara Bulegoa z/b proiektu eredugarrian murgildu eta mugarri izandako programak lerro hauetara ekartzeko.