Ostiralean pasa zen epailearen aurretik Leonel B.T., Rebeca Huayta Huacan bilbotarra hiltzeaz akusatuta. Epailearen aginduz, espetxeratu egin dute, Basauriko kartzelan.
Abenduaren 28an aurkitu zuten Huaytaren hilotza, Bilboko San Frantzisko kaleko Hilargi tabernan. Emakumearen bikotekidea zen Leonel B.T., eta hark Poliziari aitortu zionez, bezperan hil zuen emakumea, labankadaz. Espainiko Berdintasun Ministerioak jakinarazi duenez, gizonak indarkeria matxista aurrekariak zituen, eta Huaytaren alaba amak jasotzen zituen tratu txarren jakitun zen. ETBri egindako adierazpenen bidez jakitera eman duenez, amak jakinarazia zion bikotekideak jo egiten zuela, eta alabak eskatua zion haren aurkako salaketa jartzeko. Antza, orain hilabete inguru ospitalean artatu behar izan zuten Huayta, gizonak egindako eraso baten ondotik.
Boliviakoa zen jatorriz Huayta, eta haren aberrikideek estradizioa eskatu dute hiltzailearentzat, zigorra han bete dezan nahi baitute. Eskaera hori tarteko, Boliviako kontsulatuak bilerak izan ditu Bilboko boliviar komunitatearekin.
Huaytaren gorpua aberriratzeko prozedura ere abiatu dute. Agintariak haren senideekin harremanetan jarri dira, eta haiek eskaera formala egin ondotik hasiko dira Huayta Boliviaratzeko beharrezko pausoak ematen.
Bost emakume hil dituzte 2022an
Berriaren Biktimen mapan jasota dagoenez, 2022an bost emakume hil dituzte. Huayta izan da indarkeria matxistaren urteko bosgarren biktima. Haren ahizpa ere bikotekideak hil zuen 2018an, Bilboko Errekalde auzoko etxebizitza bateko bosgarren solairutik bota ostean.