Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko hura izango dela mugikortasun jasangarri baterako bidean instituzioen aliatu nagusietakoa.
Agintariak, ordea, eta gu geu ere bai, gertu al gaude bide horretan aurrera egiteko? Prest al gaude espazioaren banaketa irauli eta autoari, oihaneko erregeari, lekua kentzeko? Zein paper jokatuko du, edo jokatu beharko luke, bizikletak?
Gurea Bike Country dela saldu zuten Grand Départ distiratsuan, baina Eneko Garatek, Libros de Ruta argitaletxeko buruak, zalantza egiten du. Ander Irazusta geografo eta mugikortasun aholkulariak, bestalde, ikuspuntua aldatu behar dugula dio: “Ez galdetu zure herrian bizikletaren erabilera zenbat igo den, baizik eta autoarena zenbat jaitsi den”. Gurpilgunea proiektuko kide Edu Otxotorenak azaldu digu mugikortasunak jasangarria izan nahi badu inklusiboa ere izan behar duela; eta Fran Úbeda, ziklo-logistikan diharduen Eraman kooperatibako kidea, sektoreak bizi duen prekarietateaz eta lan baldintza duinak bermatzeak duen garrantziaz aritu zaigu.
Mugikortasun jasangarriak dauzka hamaika protagonista elkar ulertzera behartuak. Horietako bati heldu diogu, haren erabilerak gora egingo duela sinetsita, sinetsiz gero.