Radio Bilbaon egindako elkarrizketan esan duenez, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok uste du Bilbon “egunero” manifestazio “gehiegi” egiten direla, eta "trafikoaren mesederako" espaloitik egitea proposatu du.
Mobilizazioek “herritarren bizi kalitatea aldatzen” dutela argudiatu du Aburtok, eta adierazi du “beste leku batean edo espaloitik” egitea posible dela: “Beti moztu behar da galtzada? Ezetz uste dut. Manifestatzea eta, aldi berean, egunero jendearen bizitza ez aldatzea posible izan dadin eskatu nahi dut”. Azpimarratu nahi izan du, ordea, “asko” errespetatzen duela jendeak biltzeko eta manifestatzeko eskubidea edozein arazoren aurrean, eta ez duela langileen aurka egiten.