Bere sorkuntza grafikoa izugarria izan arren joan den mendeko azken hamarkadetan, baita bere eragina ere inguruko artista eta sortzaileengan, badirudi oraindik ere Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947- Madril, 2011) artistaren izena ezezaguna egiten zaigula. Horregatik, Bilboko Rekalde aretoan eskaintzen zaion atzera begirako erakusketa probestu dugu Bilborekin maiteminduta zegoen artistaren ibilbidea eta hark hezurmamitutako pertsonaiak eta binetak lehen lerrora ekartzeko. Umoreari, absurdoari eta erabateko transformazioan zegoen Bilbo gris bati etengabe gorazarre egiten zion artista handia izan zen Eguillor.