Athletic

Lezama maite

Erabiltzailearen aurpegia Aritza Escandon 2014ko api. 10a, 20:25

www.athletic-club.net
Atzo Champions Leagueko final laurdenetako azken kanporaketak jokatuta, final erdietarako lau talde sailkatu dira, Chelsea, Bayern Munich, Real Madrid eta Atletico Madrid. Bidean geratu dira Manchester United, Barcelona, Paris Saint Germain edo Borussia Dortmund bezalako taldeak.

Club boteretsuak, bai, baina ez guztiz ezezagunak Athleticzaleontzat. Izan ere, azken hiru urteetan zortzi talde horietatik seiren kontra jokatu baitu Athleticek Espainiako Liga nahiz Europa Leagueko txapelketetan. Eta datorren denboraldian oso litekeena da euretako batzuen aurka ere nor baino nor ibiltzea talde zurigorria, non eta Champions Leaguen!. Horretarako,  laugarren postuari eutsi ez ezik sailkatze kanporaketa bat gainditu ere egin beharko dugu abuztura bitartean.

Eman dezagun lortzen dugula, meritu handiko balentria litzateke eginikoa, bai, dudarik gabe, baina, bizitzaren beste arlo batzuetan modura, zer baino zelan eskuratu den garrantzitsuagoa izaten da. Erromara bide guztiak heltzen omen baziren, San Mamesetik Europara doazen guztiak Lezamatik pasatzen dira. Ligan 31 jardunaldi jokatu diren honetan, Txingurri Valderdek zelairatu duen hamaikakoan Lezamatik irtendako jokalarien bataz bestekoa ia 9koa izan da. 31 partidu horietan parte hartu duten ordezkoenari ere begiratzen badiogu, 3 aldaketatik 2 Lezamako jokalariek bete dutela jabetuko gara. 14tik 11 dira Lezamak sortu dituen jokalariak guztira. Hauxe da Athleticek egiten duen ekarpena, izarrez beteriko futbol izeneko planetan bestelako izarrak ere ezinbestekoak direlako. Bai, Lezama maite, atzo goizean ikusi zintudan…