Logikaren pisua

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko api. 14a, 12:00
Unicajak ez zion aukerarik eman Bilbao Basketi atzoko partiduan (109-74). Salbuespenak salbuespen, gauzak logikari jarraituz gertatzen dira. Atzo Malagan horrela gertatu zen, sailkapeneko laugarrenak hamabigarrenari irabazi zion, 109-74, jipoi galanta.

Martin Carpena pabiloian bildu ziren 5.000 zaleek hasierako saltotik euren taldearen nagusitasuna ikusi zuten, hiru minututan 10-2ko partziala lortuz. Nick Caner-Medley hegal-pibot amerikarraren gidaritzapean (26 puntu 20 minutu jokatuta) Joan Plazarenek ez zuten arazorik izan partidua aise irabazteko eta bilbotarren playoffetarako sailkatzeko esperantzak ia-ia lurperatzeko.

Partiduaren gakoa defentsan egon zen. Etxeko taldeak, aurkako zonan 16 errebote hartu zituen (39 guztira); Bilbao Basketek guztira 19 errebote hartu zituen.

Beltzezko gizonen artean, pasa den astean bezala, German Gabriel (23 puntu, 9 errebote) eta Alex Mumbru (13 puntu) izan ziren onenak. Nabarmentzekoak ere, Mamadou Sambek lorturiko 10 puntuak.

Rafa Pueyok zuzenduriko taldeak hilaren 21ean UCAM Murcia hartuko du bisitari Miribillan (20:30, etb1)