Aro gozoa bizi duen talde baten kontra jokatzea zaila izaten da normalean, are gehiago burua beste kontu batzuetan murgilduta edukita. Atzo Fuente de San Luis pabilioian, etxeko taldeak bere 10. garaipena segidan lortu zuen, orotara denboraldiko 27. lortuz (Turia aldean inoiz lortutako markarik onena) nahiz eta Bilbao Basket langile eta kementsua izan zuen aurrean.
Partiduaren hasierako gakoa Perasovicek zuzendutako jokalarien abiadura izan zen. Hori baliatuz, 8. minuturako markagailuak 24-10 erakusten zuen (26-14 lehen laurdenaren amaieran).
Bigarren laurdenean, German Gabrielen lanak, Vertans eta Pilepicen bi hirukoekin batera (kroziarrak ia 17 minutu jokatu zituen atzo, azkenengo bi partiduetan parte hartu barik egon ostean) talde bizkaitarra 5 puntura hurbildu zuen, baina atsedenaldira talde "taronja" 6 puntuko errentarekin iritsi zen (42-36).
Aldageletatik bueltan, etxeko taldeak sendo jarraitu zuen, baina Markota eta Gabrielen arteko konexioak, Rafa Pueyorenak 3 puntura jarri zituen hirugarren laurdena amaitzeko 3:44ren faltan. Partidua momentu hartan Velimir Perasovicek eskatutako hutsartean amaitu zen Bilbao Basketentzat. Valentziarrek intentsitatea areagotu zuten eta azkenengo laurdenean ez zuten euren garaipena arriskuan ikusi.
Etxeko taldean, Justin Doellman apirileko MVPa eta Vladimir Lucic izan ziren nabarmenduenak, bakoitza 13 puntuekin. Pibot amerikarrak ez zuen jaurtiketan akatsik egin (biko 1, 3 hiruko eta bateko 2).
Beltzezko gizonen artean Gabriel, Mumbru, Vertans eta Markota izan ziren onenak.
Raul Lopezek ez zuen bigarren zatian jokatu. Baskoniaren aurkako partiduan orkatila bihurritu zuen eta agian horrek atzoko partiduan eragina izan zuen. Ikusiko dugu zein den Viceko antolatzailearen eboluzioa.