Ezaguna den istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko mai. 8a, 00:05

Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga
Azkenengo denbora laurden kaskar batek, aurretik egindako lan ona lurperatu du (83-90).

33. minutuan Bilbao Basketek partidua irabazita izan du, baina partiduak 40 minutura jokatzen dira eta nekeak (beste behin) eragin handia izan du norgehiagokaren hondarrean.

Gorabehera asko bizi izan dira partidu osoan: etxeko taldea 10 puntugatik irabazten joan da lehenengo laurdenean, gero bigarrenean talde bisitariak markagailuari buelta eman eta 5 puntuko errenta hartu du; baina atsedenaldira beltzezko gizonak 2 puntugatik aldageletara joan dira (35-33).

Hirugarren laurdenean Salva Maldonadok zuzendutako taldeak 4 puntuko aldea lortu du baina, beste behin, markagailuari buelta eman dio Bilbao Basketek. 33. minutu horretan markagailua 72-63koa zen Rafa Pueyoren mutilentzat. Momentu horretan, partidu bikaina egiten ari zen Alberto Diaz bankuan jesarri (ikaragarria berak egindako defentsa) eta gainbehera etorri da norgehiagoka. Joventutek azken 7 minutuetan 11-27ko partziala lortu du eta, hortaz, play-offetatik hurbilago daude Badalonakoak garaipen honen ostean.

Etxeko taldean, antolatzaile malagarraren lanaz aparte, Gabriel (19 puntu, 9 errebote), Grimau (18 puntu, 4 errebote) eta Markota (16 puntu, 9 errebote) goraipatu behar dira.

Joventuten partez, talde lana goraipatu beharra dago, sei jokalarik gutxienez 10 puntu sartu baitute.

Txapelketak ez du etenik eta, datorren igande eguerdian La Bruixa D'or Manresak Bilbon jokatuko du.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga