Ezin zapore gozo batekin denboraldia amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko mai. 26a, 09:00

Azken jardunaldian Rio Natura Monbusek garaipena eskuratu zuen Miribillan (92-94).

2013-2014 denboraldia amaitu da Bilbao Basketentzat. Larunbateko partiduan, beltzezko gizonek ezin izan zioten euren zalegoari garaipen bat eskaini.

Partidu oso orekatua izan zen Bilbao Arenan bildu ziren 8.903 pertsonek ikusi zutena. Lehen hiru laurdenen amaieran markagailuan zegoen berdinketak horren lekuko dira (22na, 47na eta 70na), bi taldeak lehiatzera atera zirela erakutsiz, nahiz eta salbazioa aspaldi lortutakoak ziren.

Azkenego laurdeneko dinamikak bere horretan jarraitu zuen azken minutura arte. Berdinketak ziren nagusi. 20 segunduren faltan, Dairis Vertansek 92-91koa ezarri zuen. Hurrengo jokaldian, Rafa Pueyok faltarik ez egitea eta defentsan jarraitzea erabaki zuen. Estrategiak huts egin zion Txurdinagako entrenatzaileari, Alberto Corbachok hiruko erabakigarria sartu baitzuen partidua amaitzeko 6 segunduren faltan.

Etxeko taldean, Markota (19 puntu, 8 errebote), Bertans (18 puntu) eta Mumbru (15 puntu) nabarmendu ziren, baita Vrkic ere, pasa den astean bezala, puntuekin berarengan jarritako konfiantzari erantzunez.

Talde galiziarrean, Guillen (16 puntu) eta Berzins (13 puntu) izan ziren taldeko onenak.

Partidua amaitutakoan, zaleak "hau talde bat da" leloa abestuz, jokalariei denboraldi osoan egindako esfortzua eskertu zioten. Davalillo presidenteak eta Mumbru kapitainak hitzaldi txikietan gauza bera egin zuten, zalegoari euren berotasuna eskertuz.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga