Rafa Pueyoren agurra eta Fran Pilepicen irteera

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko uzt. 7a, 08:59
Entrenatzaileak gutun baten bidez agur esan dio taldeari. Hegal kroaziarra KK Cedevita taldean arituko da hurrengo hiru urteetan.

Bilbao Basketen webgunean argitaratutako gutun baten bidez, Rafa Pueyok agur esan dio taldeari. Bertan azkenengo 13 urteetako ibilbidearen laburpen bat egiten du entrenatzaile bilbotarrak, berarengan konfiantza izan dutenei eskerrak emanez (Txus Vidorreta, Fotis Katsikaris, Gorka Arrinda, José Cobelo) lehenengo, bigarren entrenatzailea eta azkenengo urtean, entrenatzaile nagusi izatea ahalbidetzeagatik. Ez da jokalari, laguntzaile eta zalegoaz ahazten, haientzat ere hitz goxoak ditu Pueyok. Gutunaren amaieran dioenez, egungo arazoak konpontzea espero du.

Bestalde, Fran Pilepic hegal kroaziarrak, hiru urteko kontratua sinatu du bere herrialdeko KK Cedevita taldearekin. Talde berriarekin egindako aurkezpenean, beltzezko gizon ohiak hurrengoa esan du "Cedevitak hiru urteko kontratua sinatzeak nigan sinisten duela esan nahi du. Ohore handia da talde honekin jokatzea. Jasmin Repesarekin lan egindakoa naiz, eta berarekin berriz lan egiteko irrikitan nago".

Iturria: www.kkcedevita.hr

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga