Bilbao Basketek ACB auzitara eramango du

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko uzt. 25a, 15:26

Kluben elkarteak jarritako bi baldintzak betetzeko finantzaketa lortu duela dio Bilboko klubak.

Azken aldietan moduan, webgunean zintzilikatutako komunikatu baten bidez, Bilbao Basketek ACBrekin duen "borroka" azaldu zuen atzo arratsaldean.

Gogoratuko duzuen moduan, saskibaloi taldeen elkarteak ez zuen talde bilbotarra ligan inskribatu klubak dituen zorrengatik (239.049€ ligak duen soldata fondoarekin eta jokalariekin duen ordainketa atzerapena %15 baino handiagoa delako).

Beltzezko gizonen administrazio kontseiluak aditzera eman du orain dela bi egun (hilak 23) bi baldintza horiek betetzeko finantzaketa lortu duela eta ACBko presidente den Francisco Rocari komunikatu ziola. Atzoko egunez, Rocak baldintza horiekin ez zela nahikoa erantzun zuen eta taldearen bideragarritasuna bermatzen zuen dokumentua ere aurkeztu behar zutela, klubaren komunikatuaren arabera.

Gauzak horrela, "negoziaketa positiboa izateko bermea ez dagoenez, Bilbao Basketen administrazio kontseiluak taldearen eskubideak defendatzeko bide judiziala hasiko du".

Ikusi beharko da gatazka denboran luzatzen den ala ez eta bere amaiera zein izango den.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga