Lau egun falta dira Espainiako Munduko saskibaloi Txapelketa hasteko eta Bilbao Exhibition Centerrean (BEC) goi mailako ikuskizuna ikusteko aukera izango dugu, Ansioko eraikina lehenengo faseko multzo bateko partiduen egoitza izango baita, Estatu Batuetako taldearena hain zuzen ere.
Txapelketa abuztuaren 30a eta irailaren 14a bitartean jokatuko da. 24 taldek hartuko dute parte lau multzoetan banatuta:
- A multzoa (Granada): Brasil, Egipto, Espainia, Frantzia, Iran eta Serbia.
- B multzoa (SEvilla): Argentina, Grezia, Kroazia, Filipinak, Puerto Rico eta Senegal.
- C multzoa (Bilbo): Dominikar Errepublika, Estatu Batuak, Finlandia, Turkia, Ukrainia eta Zelanda Berria.
- D multzoa (Kanaria Handia): Angola, Australia, Eslovenia, Hego Korea, Lituania eta Mexiko.
Final zortzirenetara, multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeak igaroko dira eta modu honetan gurutzatuko dira: A-B eta C-D, lehenengoa laugarrenaren aurka eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Lehenengo fasea amaituta, kanporaketa zuzenak izango dira.
Bi dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak: Estatu Batuak eta Espainia. Bi talde hauen nagusitasunari aurre egiteko, Argentina, Brasil, Fotis Katsikaris Bilbao Basketen entrenatzaile ohiaren Grezia, Frantzia eta Lituania dira indartsuenak. Txapelketa guztietan bezala, ezustekoak espero dira.
Gure herrialdean jokatuko den multzoan arreta jarrita, honela irizten dira sei taldeak:
Dominikar Errepublika bueltan da nazioarteko txapelketarik handierena (Munduko txapelketa 1978an jokatu zuen azkenengoz). Ameriketako Txapelketan laugarren geldituta, lau egunetan hasten den txapelketarako txartela lortu zuen. Jack Martinez, Herbalife Gran Kanarian jokatzen duen Eulis Báez eta Fuenlabradan jokatzen duen James Feldeine dira dominikar taldeko izarrak.
Estatu Batuetako taldeak ez luke partidu guztiak aise irabazteko arazorik izan behar. Mike Krzyzewskik (Coach K) jokalari gazteak ekarri ditu (NBAko jokalariak guztiak). Izar distiratsuenek (Lebron James, Carmelo Anthony, Dwayne Wade, Kevin Love, Kevin Durant, Chris Paul, Blake Griffin) atseden hartzea erabaki dute eta horrenbestez, Derrick Rose eta James Harden izango dira nagusiak. Paul George jokalariak izandako lesio latza aipatu beharra dago. Etorkizunean gauza handiak lortzeko deituta dagoen gazteak berna-hezurra eta peronea hautsi zituen eta urte bat baino gehiago egongo da jokatu barik.
Finlandiak azkenego bi Europako txapelketetan bederatzigarren postua eskuratu zuen joko alaia erakutsiz. Hanno Möttöla, Petteri Koponen, Teemo Ranikko eta Gerard Lee buru duen taldeak norgehiagoka bakoitza festa bihurtuko duten 7500 eta 10000 zaleen babesa izango du BECen.
Hedo Türkoglu eta Ersan Ilyasova gabe dator Turkia Munduko Txapelketan. Hala ere, talde lehiakorra espero da, Kerem Tunçeri, Ömer Asik eta Cedi Osman gidari dituela. Azken jokalari honetan esperantza handia jarrita dute. 19 urte ditu eta pasa den hilabetean 20 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi zuen. Bera da Turkiako etorkizuneko jokalaria. Zail izango dute 2010eko Munduko txapelketako bigarren postua errepikatzea.
Ukrainiak lehenengo fasetik bizirik ateratzeko helburua du. Hori baieztatu du NBAn urteetan egondako Mike Fratello hautatzaileak. Entrenatzaileak dio, duen guztiarekin helduko dela Bilbora Europar ekialdeko taldea, Manresan ibilñitako Sergiy Gladyr gidari duela.
Multzoko seigarren partaidea Zelanda Berria da. "Tall Blacks" ezizenez ezagutzen den taldea, aspaldi utzi zuen ezusteko taldea izaten (2010eko Munduko txapelketan 12. postua lortu zuen, bere parte-hartzerik onena 2002an izanik, laugarren postua lortu baitzuten). Kirk Penney, Isaac Fotu, Rob Loe eta Tai Webster dira kontuan izan beharreko jokalariak.
Atzera kontaketa hasi da. Lau egun falta dira nazioarteko taldeen arteko txapelketa garrantzitsuena hasteko.
Argazkia: FIBA