Ukrainia 64 - Turkia 58
Markagailua alde batera eta bestera mugitu da baina gehienez 7 puntuko diferentzia egon da. Turkiak, ohi duen moduan, defentsa estua jarri du lehenengo minututik eta horrek ez dio utzi ukrainiarrei eroso jokatzen. Baina aurreko partiduan bezela, izar erdiaren taldeak ez du defentsako intentsitatea mantendu eta partiduko azken bost minutuetan Mike Fratellorenek Mishula (19 puntu, zortzitik bost hiruko sartuta) eta Jeter (10 puntu eta 6 asistentzia) gidari zituela, garaipena lortu du.
Turkiarren artean, Asik (16 puntu eta 20 errebote) eta Preldzic (14 puntu eta 7 errebote, guztiak erasoan) izan dira izarrak.
AEB 98 - Zelanda Berria 71
Nabarmendu beharrekoa markagailuan izan den tartea da, izan ere, ez da pentsatzen zen bezain handia izan. Ozeaniarrak, Haka-tik hasita (amerikarrek aurrez aurre eta errespetu osoz ikusi dute, turkiarrek ez bezala) bere estiloari eutsi eta ez dira Krzyzewskyren mutilen aurrean kokildu.
Aurrekoan bezala, Davis (21 puntu eta 9 errebote) eta Faried (15 puntu eta 11 errebote) izan dira izarrak iparamerikarren artean. Kiwi-en artean berriz BJ Anthony nabarmendu beharra dago, 11 punturkin bere taldeko saskiratzailerik nagusiena izan baita.
Finlandia 68 - Dominikar Erepublika 74
Eguneko azken partidua emozioz beteta egon da hasieratik amaierara. Dominikarrek hartu dituzte lehenengo abantailak markagailuan, baina finlandiarrek ez dute etsi gerturatzeko ahaleginean. Une batzutan aurkaria iraultzeko gai izan dira. Hirugarren laurdenetik aurrera gauzak apur bat aldatu dira, amerikarrek 14 puntuko errenta hartu dutenean (hamarrekoa, azken laurdena hasi baino lehen). Huffek 5. falta egin duenean gauzak oker zihoazen otsoentzat baina Koponenen gidaritzapean (amaieran 23 puntu eta 9 asistentzia) 3 puntura hurbildu dira eskandinabiarrak 29 segunduren faltan. Baina ezin izan diote markagailuari buelta eman.
Amerikarren aldetik, 18 puntu eta 13 erreboterekin, Vargas izan da onena.
Bi jardunaldi falta direnean, horrela dago C multzoko sailkapena:
1 AEB 3 garaipen (310-203)
2 Ukrainia 2 garaipen, porrot 1 (212-201)
3 Dominikar Errepublika 2 garaipen, porrot 1 (212-203)
4 Turkia garaipen 1, 2 porrot (211-235)
5 Finlandia garaipen 1, 2 porrot (204-264)
6 Zelanda Berria 3 porrot (207-250)
Gaurko ordutegia (irailak 3)
15:00 Zelanda Berria-Ukrainia
17:30 Turkia-FInlandia
21:30 Dominikar Errepublika-AEB
Argazkia: FIBA