Zelanda Berria 73 - Ukrainia 61
Puntu boladak izan ditu ozeaniarrek txapelketan lehenengo garaipena eskuratzeko balio izan dion partiduak. Ukrainiak 0-7koa lortu du lehenego laurdenean (18-19 amaitu da) baina 12-0koa izan da erantzuneko partziala bigarren laurdeneko hasieran (26-19). Tall Blacks-ek markagailuan 9 puntuko errenta lortu dute atsedenaldirako.
Aldageletatik bueltan 0-8ko partziala lortuta, Mike Fratelloren mutilek partidua irauli dute baina ez dute indarrik izan erritmoari eusteko. Bartlettek gidatuta (14 puntu), kiwiek errenta erosoak lortu dituzte (16 puntukoa bost minuturen faltan) euren lehenengo garaipena eskuratzeko. Talde europarrean, Kornienko izan da 15 punturekin izar nagusia.
Turkia 77 - Finlandia 73
Partidu interesgarri eta erakargarria espero zen eta horrela izan da. Urduri hasi dira bi taldeak, akats ugari eginez. Behin berotuta, Ipar-europarrek defentsa sendotu dute eta, erasoan izandako portzentaje altuak baliatuz, lehenengo 20 minutuen ostean 14 puntuko errenta lortu dute (27-41).
Gauzak zeharo aldatu dira jokoa berriz hasi denean. Turkiarrak gogor defenditzen hasi dira "otsoen" jokoa nahastuz eta pixkanaka, aldea jaten hasi dira hirugarren laurdena 3 puntura amaituz. Ildo berean jarraitu du partiduak, jokaldi bakoitzean tentsioa nabaria zen. Koponen heroi suomiarrak (berriro ere taldeko nagusia 17 puntu eta 5 asistentziarekin) 4 segunduren faltan eta markagailuan bere taldearen alde 3 puntuko errentarekin, partidua definitzeko bi jaurtiketa libreak huts egin eta kopntraerasoan partidua luzapenera bidaltzeko, Akyolek partiduan sartu dituen hiru puntu bakarrak momenturik beharrezkoenean lortu ditu. Azken bost minutu horietan, atzetik aurrera egindako indarra baliatuz, ilargi erdiko taldeak partidua irabazi du.
Garaileen artean Asik 22 puntu eta 8 errebote lortuta izan da nabarmenduena.
Dominikar errepublika 71 - AEB 106
Garciak Finlandiaren aurka kolpea hartu zuen eta badaezpada ez du jokatu. Bere lana eta puntuak faltan bota ditu dominikar taldeak. Lehenengo laurdenean estu hartu dituzten arren (22-25 NBAko izarren alde) laster ikusi da iparamerikarrak indar gehiago zutela eta laster hartu dituzte errenta handiak (40 puntukoa izan da azken laurdenaren erdialdean) ikuskizuna eskainiz.
Santanak bere zenbaki onenak egin ditu txapelketan 11 punturekin, Dominikar Errepublikako saskiratzaile nagusiena bilakatuz. Arerioen aldetik, 16 puntu lortuta, Faried izan da izarra.
Horrela dago C multzoko sailkapena azkenengo jardunaldiaren atarian:
1 AEB 4 garaipen (416-274)
2 Ukrainia 2 garaipen, 2 porrot (273-274)
3 Turkia 2 garaipen, 2 porrot (288-308)
4 Dominikar Errepublika 2 garaipen, 2 porrot (283-309)
5 Zelanda Berria garaipen 1, 3 porrot (280-311)
6 Finlandia garaipen 1, 3 porrot (277-341)
Hau da gaurko -irailak 4- programazioa:
15:00 Finlandia-Zelanda Berria
17:30 Ukrainia-AEB
21:30 Turkia-Dominikar Errepublika
Talde guztiek matematikoki aukera dute final zortzirenetarako txartela lortzeko. Hona hemen talde bakoitzak hurrengo fasera pasatzeko egin beharko lukeena:
Estatu Batuak: multzoko lehena izango da eta badu hurrengo faserako txartela.
Ukrainia: 2. izango da AEBri irabazita.
3. izango da ABEren kontra galduz gero eta Zelanda Berriak Finlandiari irabazten badio.
Turkia: 2. Errepublika Dominikarrari irabazita eta Ukrainiak galtzen badu.
3. bere partidua irabazita eta Ukrainiak berea irabazten badu.
4. eurek, Ukrainiak eta Finlandiak galtzen badute.
Dominkar Errepublika: 2. bere partidua irabazita eta Ukrainiak galtzen badu
3. Eurek eta Ukrainiak irabazita. Baita eurek, Ukrainiak eta Finlandiak galtzen badute.
4. Eurek eta Finlandiak galdu eta Ukrainiak irabazten badu.
Zelanda Berria: 3. eurek eta Turkiak irabazita eta Ukrainiak galtzen badu.
4. eurek irabazi eta Turkiak eta Ukrainiak galduta.
Finlandia: 4. Zelanda Berriari irabazita eta Ukrainiak galtzen badu.
C multzoko bosgarren eta azken jardunaldia emozioz beterik dartorkigu.
Argazkia: FIBA