Finlandia 65 - Zelanda Berria 67
Ertzean itota. Horrela amaitu dute otsoek euren ibilbidea txapelketan. Turkiaren aurkako partiduaren porrotak eta, batez ere, galtzeko moduak agian pisu handia izan du Zelanda Berriaren kontra. Izan ere, Europako taldea urduri agertu da kantxan, bere estiloari uko eginez gainera (ia hiruko jaurtiketarik ez eta zona barrruan ohi baino baloi gehiago jarriz). Zelanda Berriak aldiz, bere betiko jokoa eginez (defentsan sendo eta jaurtiketa onak egin eta sartuz), markagailuan alde egin du (20 puntuko diferentzia izan du hirugarren laurdenaren erdialdean; laurden horren amaieran 12koa zen errenta).
Hortxe berpiztu dira finlandiarrak. Bere jokora bueltatuz, pixkanaka aldea murrizten hasi dira, baina markagailua irauli barik. Emozioz beteriko amaieran, Leek (Suoimiko onena 17 punturekin) ezin izan du luzapena behartzeko saskiratzea lortu ozeaniarrek defentsa ona egin dutelako eta, azken 10 minutuetan egindako lanak ez du finlandiarrentzat emaitza onik izan.
Tall Blacks taldean Fotu izan da onena 18 puntu lortuta. Emaitza honi esker, kiwiek final zortzirenetarako txartela lortu dute, C multzoan 4. postua lortu baitute.
Ukrainia 71 - AEB 95
Europarrek bizirik jarraitzeko Team USA ahalguztiduna mendean hartu behar zuten eta, nahiz eta lehenengo 15 minututan irabazten hasi (lehenengo laurdena 19-14 amaieran; 27-25 bigarrenaren bostgarren minutuan) ez dute helburua lortu. Amerikarren ahalmen fisikoak, lau partidutik lau garaipen izateak ematen duen konfiantza eta FIBA rankingean goian egoteak ematen duen harrotasuna baliatuz, norgehiagokak nahi dutenean apurtzeko aukera ematen die, eta atsedenaldira 12 puntuko errentarekin joan dira.
Bigarren zatian aldea handitzen joan dira (28 puntura iritsi da), partidua 24 puntuz irabaziz. "Coach K" zuzendari duen taldeko sei jokalarik 10 puntu edo gehiago sartu dituzte, 17rekin Harden nabarmenduena izanik. Fratello amerikarren mutilen artean, Kravtsov izan da onena 15 puntu lortuta.
Partidu guztiak irabazita, lehenengo postua eskuratu du AEBk.
Turkia 77 - Dominikar Errepublika 64
Eguneko beste bi partiduen emaitzak jakinda, talde biek bazekiten final zortzirenetarako sailkatuta zeudela eta euren arteko lehia multzoko bigarren postua lortzeko eta, hortaz, hurrengo fasean arerio "errazagoa" edukitzeko borroka zela.
Estu hasi dute norgehiagoka bi taldeek, lehenengo laurdenaren amaieran 14-13 amaituz. Otomandarrek bigarren laurdenean partidua hautsi dute. Lau minututan 9-0ko partziala lortu dute (amaieran 27-10) atsedenaldira 18 puntuko errenta erosoarekin joateko. Aldageletatik bueltan ohi duten defentsa sendoarekin eta 24 segunduko jabetza ia agortzeraino erabiliz, ilargi erdiko taldeak ez du partidua arriskuan ikusi.
Europarren artean, Savas izan da onena 15 puntu lortuta eta amerikarren artean Garcia izan da izarra beste behin 15 puntu lortuta (11 lehenengo laurdenean). Multzoko sailkapenean partiduaren irabazleak bigarren gelditu dira eta galtzaileak hirugarren.
Laburbilduz, horrela geratu da C multzoko sailkapena (letra larriz 1/8tarako sailkatuak)
1 AEB 5 garaipen (511-345)
2 TURKIA 3 garaipen, 2 porrot (365-372)
3 DOMINIKAR ERREPUBLIKA 2 garaipen, 3 porrot (347-386)
4 ZELANDA BERRIA 2 garaipen, 3 porrot (347-376)
5 Ukrainia 2 garaipen, 3 porrot (344-369)
6 Finlandia garaipen 1, 4 porrot (342-408)
Final zortzirenak
BECen goi mailako saskibaloia amaitu den arren (ea etorkizunean berriz gozatzeko aukera dugun), txapelketak Madril eta Bartzelona artean izango du jarraipena.
Estatuko kapitalean, honako norgehiagokak jokatuko dira:
Frantzia-Kroazia (14/9/6-18:00)
Espainia-Senegal (14/9/6-22:00)
Serbia-Grezia (14/9/7-18:00)
Brasil-Argentina (14/9/7-22:00)
Kataluniako kapitalean berriz, honako partidu hauek izango dira:
AEB-Mexiko (14/9/6-16:00)
Dominikar Errepublika-Eslobenia (14/9/6-20:00)
Zelanda Berria-Lituania (14/9/7-16:00)
Turkia-Australia (14/9/7-20:00)