Roger Grimau: "Eskerrik asko guztioi"

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko ira. 25a, 08:00

Jokalari katalanak gutun baten bidez agur esan du taldean hiru denboraldi eta gero.

Bere webgune pertsonalean idatzitako gutun baten bidez, beltzezko gizonen 44 zenbakiaren jabeak agur esan dio talde eta zalegoari. Sito Alonso entrenatzaile denez geroztik, jakina zen Grimauk ez zuela proiektu berrian lekurik izango, baina asteartera arte ez zen jokalariaren irteera ofizial egin.

Idazkian, hegaleko katalanak bere alboan egondakoei eskerrak eman dizkie. Azkenengo hiru denboraldietan Miribillako aldagelan izandako taldekide eta lagunak banan-banan izendatzen ditu, baita entrenatzaile eta laguntzaileak ere.

Marea beltzaz ez da ahazten Grimau. Bartzelonarekin Bilbao Arenan jokatu zuen finalean, Miribilla efektuak txundituta utzi zuela dio eta Bilbao Basketen deia jaso zuenean, baietz esan zuela "24 ordu pasa barik". "Zaletuekin konektatzea kosta zitzaidan arren, laster ikusi zen, ondo jokatu ala ez, dena ematen nuela partidu guztietan. Gauza erreza giroa ikusita" baieztatu du jokalariak. "Gazteagotu egin didazue" gehitzen du.

Denak ez dira hitz politak dena den. Taldeak berarekin ez duela garbi jokatu esaten du gutunaren atal batean. Ekainetik egoera zein zen jakinda, irailaren 23an libre ustea ez dela normala adierazten du jokalariak. Kirol arloan erabakia onartzen duen arren, arduradunen jokatzeko moduarekin ez dagoela ados dio.

"MILA ESKER EMAN DIDAZUEN LAGUNTZA ETA MAITAZUN GUZTIAGATIK! GORA BB GORA BIZKAIA" esanez (euskeraz idatzita) agurtzen da Roger Grimau.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga