Igandean hasten den denboraldian, aurpegi berriz josita dator Bilbao Basket. Azkenengo hiru denboraldietan Gipuzkoa Basketeko aulkian egon den Sito Alonso madrildarra izango da beltzezko gizonen zuzendaria Rafa Pueyoren lekukoa hartuz. Bere aginduetara egoteko, azkenengo urteotan Miribilla gotorleku izan duten Alex Mumbru, Raül Lopez, Axel Hervelle eta Dairis Bertansi, Quino Colom, Ethan Wragge, Tobias Borg, Marko Todorovic, Latavious Williams, Danilo Andjusic eta Dejan Todorovic ditugu (Borja Mendia eta Nicola Lucic ere prest egongo dira, entrenatzaileak euren presentzia behar izanez gero).
Kamisetan ere aldaketa nabarmena egongo da iazkoarekin alderatuta. Honezkero jakina denez, WiseKey enpresa suitzarraren izena agertuko baita elastikoan.
Talde orekatua
Jokuko postuen analisia eginda, iaz baino talde orekatuagoa dela esan daiteke 2014-2015 denboraldiko Bilbao Basket:
Lopez eta Colom izango dira taldearen gidaritzan. Pasa den urtean postu horrek hamaika buru hauste sortu zizkion Pueyori, lan horretan 31 zenbakiari laguntzeko hiru jokalari erabili baitzituen entrenatzaile bilbotarrak (Grimau, Bertans eta Diaz).
Eskolta lanetan Bertans, Andjusic eta Borg egongo dira. Azken honengan esperantza handiak jarrita ditu Alonsok, etorkizuna duen jokalaria baita.
Mumbrurekin batera, Unicaja Malagak utzitako Dejan Todorovic serbiarra ibiliko da hegaleko postuan. Horrela izango da hasiera batean, nahiz eta entrenatzaile berriak kapitaina noizbehinka 4ko postuan erabiltzeko ideia duela esan zuen. Hegal-piboteko postu horretan, Hervelle, Marko Todorovic eta Wragge amerikarra arituko dira. Azken honek hiruko jaurtiketetan abila dela erakutsi du bere ibilbidean zehar eta kanpotik mehatxua izango da arerioentzat. Barruko jokoa osatzeko, Latavious Williams arituko da pibot moduan. Esperientzia eta gaztetasuna batzen dira aurtengo Bilbao Basketen.
Beste behin, "Miribilla efektua" bermatuta dago, zaletuen %90 baino gehiagok euren abonoa berriztatu bait du. Igande eguerditik aurrera ikusiko da jokalariek zalegoaren konfiantzari zer nolako erantzuna ematen dioten.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga