Esperantzarako lehenengo pausoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko urr. 5a, 08:50

Bilbao Basketek ligari hasiera bikaina eman zion atzo eguerdian Bilbao Arenan (73-54).

Atzo eguerdian hasi zuen Bilbao Basketek bere aurtengo ibilbidea Endesa ligan. Modurik onenean hasi ere, 19 puntuko diferentziaz gainditu baitzuen Fuenlabrada.

Saskibaloi gosez hurbildu ziren zaleak Miribillara, jokalari berriak hurbiletik ikusteko irrikaz. Hasieratik ikusi zen jokalariek eurek ere jokatu nahi zutela. Defentsa sendoaz baliatuz (Sito Alonsoren taldeen ezaugarria) eta erasoan jaurtiketa erosoak eginez, Alonsoren mutilek 9 puntuko errenta lortu zuten lehenengo hamar minutuetan (etxeko taldean nabarmentzekoa 9 jokalariek hartu zutela parte, artean Borja Mendia Zornotza saskibaloi taldeko jokalaria).

Fuenlabradak bigarren laurdenean joko hobea erakutsi zuen, defentsan batez ere. Bi taldeak markagailuan nahiko eskas ibili ziren (10-14) atsedenaldira bost puntuko diferentziarekin helduz.

Aldageletatik bueltan, partidua lehenengo laurdeneko ildo beretik joan zen. Bilbao Basket defentsa sendoa erabiliz eta Fuenlabradaren akatsak behartuz.

Beltzezko gizonen artean Axel Hervelle 17 puntu eta 8 erreboterekin, Danilo Andjusic 11 punturekin eta Marko Todorovic 8 puntu eta 8 erreboterekin nabarmendu ziren. Talde madrildarrean aldiz, Andy Panko eta Jimmy Baron izan ziren izarrak, 14 eta 13 puntu lortuta hurrenez hurren.

Bilbao Basketek larunbatean, Andorra igoberriaren aurka jokatuko du gaueko 21:00etan.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga