Gasteizen jokatutako derbian, Bilbao Basketek ez zuen orain arteko maila mantendu eta merezita galdu zuen norgehiagoka.
Jose Luis Abos entrenatzaile ohiaren omenezko isilunearen ostean, ondo hasi ziren gauzak Sito Alonsoren mutilentzat, defentsa sendoa erabiliz eta erasoan argi jokatuz. Lehendabiziko 10 minutuak, 13-23ko markagailuarekin bukatu ziren. Hortik aurrera partiduaren norakoa zeharo aldatu zen. Talde bisitariak kontzentrazioa galdu zuen eta horrekin batera, etxekoak defentsa estutu zuten eta jaurtiketak sartzen hasi ziren. Bigarren laurdeneko partziala 28-11koa izan zen (41-34 guztira).
Atsedenalditik bueltan, beltzezko gizonak (atzo zuriz) saiatu ziren partiduan berriz sartzen baina alferrikako lana izan zen, markagailuan hurbiltzen ziren bakoitzean aurkarien erantzuna jasotzen baitzuten. Gauzak horrela, arestian esandako moduan, merezita galdu zuen partidua Bilbao Basketek.
Bigarren laurdenean gertaturikoa bilbotarrentzat gehiegizko pisua izan zela dirudi. Hamar minutu horiek eta partiduan zehar 14 erasoko errebote uztea izan ziren partidu kaxkar baten gakoak.
Nahiz eta astean zehar Bilbao Basketek kontrakoa iragarri, Alex Mumbruk lehia jokatu egin zuen. Errenka ikusi zitzaion momentu batzuetan (ea lesio okertzen ez den) eta momentuz badirudi ez dagoela ordezkorik bere lekuan jokatzeko (Borja Mendia lesionaturik dago eta Dejan Todorovic ez dabil fin). Kapitaina izan zen Colomekin batera taldeko saskiratzaile nagusia 13 punturekin.
Laboral Kutxa Baskonian Fernando San Emeterio izan zen bere taldeko eta partiduko saskiratzaile nagusia 15 punturekin.
Garaipenaren bidera bueltatzeko aukera datorren larunbatean izango du Bilbao Basketek Miribillan CB Sevillaren kontragaueko 21:00etan.
Argazkia: Bilbao Basket