Taldeko lanaren ordain saria

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko aza. 4a, 09:00

Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Bilbao Basketek ez zuen arazo handirik izan CB Sevilla aise menderatzeko (89-61).

Bilbao Arenan bildu ziren 8462 zaleek ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten larunbat gauean. Partidu borobil baten ostean, denboraldiko laugarren garaipena lortu zuten beltzezko gizonek, Sevillaren krisia areagotuz.

Dairis Bertans (11 puntu lehenengo laurdenean; 17 guztira) eta Quino Colomen gidaritzapean, lehia modu ezinhobean hasi zen etxeko taldearentzat, 22-5eko partziala lortuta. Lehenengo hamar minutuak 25-15 amaitu ziren.

Bigarren laurdenean talde bisitaria suspertu eta diferentzia 3 puntura murriztea lortu zuten atsedenaldirako lau minutu falta zirela, baina hor amaitu zen andaluziarrren erreakzioa. Mumbruk hartu zuen ardura eta lehenengo 20 minutuak bukatuta, diferentzia 12 puntukoa zen (46-34).

Sito Alonsoren taldekoek, aldageletik bueltan erabaki zuten partidua, defentsa zorroztuz eta saskiratzeak lortuz. 24-9 izan zen hirugarren laurdeneko markagailua. Miribillako zalegoak lasai ikusi zuen azkenengo laurdena, non interes nagusia markagailuan egongo zen diferentzia zen. 31 puntukoa izatera heldu zen arren, azkenean 28 puntuz goitik gailendu ziren bilbotarrak.

Beste behin, taldeko jokoa erakutsi zuen Bilba Basketek. Jokalari guztiek (kantzaratu ez zen Gabriel izan ezik) puntuak sartu zituzten. Arestian esandako moduan, Bertans izan zen taldeko sskiratzailerik onena. Azpimarratzekoa da ere Marko Todorovic, Alex Mumbrú (10 puntu bakoitzak), Axel Hervelle (9 puntu, 6 errebote) eta Quino Colomen partidua. Andorrako semeak 8 puntu, 5 errebote eta 9 asistentzia lortu zituen, bere taldea maisuki gidatuz.

Sevillan Pierre Oriola 11 pnturekin nabarmendu zen, 10 puntu lortu zituzten Derrick Byars eta Alex Urtasunekin batera.

Beltzezko gizonek, Manresan jokatuko dute seigarren jardunaldiko norgehiagoka igandean Nou Congos pabilioian (etb!, 12:00).