Sailkapenari errreparatuz, igandeko partidua estua izango zela zirudien. Bi taldeen artean garaipen bateko diferentzia eta lidertza jokoan zegoen. Bilbao Basketentzat ere serie buru izateko aukera eta, hortaz, kopako final laurdenetan talde indartsuenen aurka aritzea saihestea.
Lehenengo laurdena borrokatua izan zen. Nahiz eta talde andaluziarra markagailuan gora joaten saiatu, kanpoko taldea ongi ibili zen eta hiru puntu gehiagorekin amaitu zituen lehenengoo hamar minutuak.
Bigarren laurdenean Sito Alonsoren taldea gainbehera etorri zen. Erasoan kamuts, baloi errezak galtzen, kontrako defentsa apurtzeko ideia barik (Joan Plazarenen meritua) eta ondorioz ez ziren puntuak eskuratzeko gauza izan. Gainera, Unicajak ez zuen aparteko arazorik izan puntuak sartzeko. Atsedenaldian zazpi puntukoa zen diferentzia etxekoen alde (41-34). Hamar minutu hauetan beltzezko gizonek partidu erdia galdu zuten.
Jokalariak kantxara bueltatu zirenean, partiduak bere horretan jarraitu zuen. Etxekoak norgehiagoka kontrolpean zuten eta Bilbao Basketek ez zuen jakin malagakoen jokoari zelan aurre egin. Horren adibide, hirugarren laurdena bukatzeko, hiru minuturen faltan zegoen aldea (59-43). Bilbotarren erreakzioa zetorrela zirudien, minutu batean diferentzia erdira murriztu baitzuten, baina ez zen horrela izan eta laurdena 54-43 amaitu zen.
Azkenengo hamar minutuetan kanpoko taldeak nekearen ondorioz (Bertans eta Hervelle lesionaturik daudeeta Gabrielek ez zuen jokatu; letoniarra laster jokatzekoa da eta belgikarrak atzamar bat apurtu zuen eta ez dago argi kopa jokatzeko helduko den) partidutik kanpo zirudien eta markagailuan aldea 20 puntukoa izatera iritsi zen. Amaieran 86-74, eta Unicaja Malaga, bere historian lehen aldiz, neguko txapeldun bilakatu zen.
23 puntu eta 4 asistentzia lortuta, Alex Mumbru kapitaina izan zen onena Bilbao Basketen. Berarekin batera, Marko Todorovic (12 puntu eta 14 errebote) eta Raul Lopez (10 puntu eta 3 asistentzia) nabarmendu ziren.
Etxeko taldean, Ryan Toolson (18 puntu), Carlos Suarez (16 puntu), Mindaugas Kuzminskas (15 puntu) eta Jayson Granger (11 asistentzia) izan ziren onenak.
Igandean bigarren itzulia hasten da eta Bilbao Basketek Fuenlabradan jokatuko du eguerdiko 12:00etan (etb1)
Kopan Unicajaren kontra
Gaur eguerdian Kanaria Handian kopako zozketa egin da eta beltzezko gizonek atzoko arerioaren aurka lehiatuko dira final laurdenetan. Norgehiagoka otsailaren 19an gaueko 21:30etan (penintsulako ordutegia) eta etb1ek zuzenean eskainiko du.
Hona hemen zozketaren emaitza:
Bartzelona-Valentzia (otsailaren 19an, arratsaldeko 19:00etan. Penintsulako ordutegia)
Unicaja-Bilbao Basket (otsailaren 19an, gaueko 21:30etan. Penintsulako ordutegia)
Real Madrdil-CAI Zaragoza (otsailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Penintsulako ordutegia)
Kanaria Handia-Joventut (otsailaren 20an, gaueko 21:30etan. Penintsulako ordutegia)
Final erdietan egun bakoitzeko garaileak lehiatuko dira euren artean.
Argazkia: ACB Photo