Deseroso etxetik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko mar. 23a, 11:58

Bilbao Basketek ezin izan zuen CAI Zaragoza sendo baten aurka irabazi (76-64).

Etxean egotea bezalakorik ez dagoela esaten da beti, zure txokoan aurkitzen duzun erosotasun, berotasun eta goxotasuna kanpoan aurkitzen ez delako. Horixe bera da Bilbao Basketen egoera: Miribillako hormen artean eta bere zalegoak aupatuta garaiezin sentitzen da. Bizkaiko hiriburutik urrun ordea, gauzak zeharo aldatzen dira.

Aragoiko taldea 5-0 irabazten hasi zen. Berriz ere (eta hamaika alditan gertatu da denboraldian zehar) Sito Alonsoren mutilak lo kantxaratu ziren. Lehenengo laurdeneko minutuak aurrera joan ahala, lehia parekatu zen, markagailua horren lekuko zela (13-12) lehenengo hamar minutuen amaieran. 

Bigarren laurdenean Pere Tomasek partiduaren erantunkizuna bere gain hartu zuen. Etxeko taldeko jokalariak 9 puntu sartu zituen. Jokoa bizkorra zen kantxaren bi aldeetan eta horrek akatsak areagotu zituen atsedenaldira 34-30eko emaitzarekin helduta.

Aldageletatik bueltan, kanpotarrak biko jaurtiketetan kamuts ibili ziren era Ruiz Lorenteren mutilek bederatzi puntiko errenta lortzeko parada izan zuten. Norgehiagoka ihes egiteko zorian zegoen, baina hirugarren laurdeneko azken hiru minutu era azkenengo laurdenaren lehenengo minutuaren artean lorturiko 5-16ko partzialaren ostean, markagailua estutzea lortu zuten bilbotarrek (55-54). Partida osoan atzetik ibili ostean, bazirudien Alonsorenek markagailua irauliko zutela. Baina etxekoek euren uztaia itxi zuten defentsa sendoa erabiliz. 18-4ko partziala lortu zuten eta partidua amaitzeko hiru minuturen faltan garaipena CAIrentzat zela argi geratu zen. Amaieran 76-64.

Bertansek lehenengo laurdenean hiru falta egin arren (laugarren bat ere egin zuen) beltzezko gizonen saskiratzaile nagusia izan zen 15 puntu lortuta. Marko Todorovicek 13 puntu eta 9 errebote lortu zituen eta Mumbruk beste 13 puntu eskuratu zituen. Kapitaina Bilbao Basketen historian bere izena urrezko letrekin idazteko zorian dago, izan ere atzo lorturiko puntuekin Marko Banic kroaziarrarekin batera, talde bilbotarrekoen artean ACBn puntu gehien sartu duen jokalaria baita 15 zenbakia. Hegalekoaren ibilbidea zein den jakinda, berdinketa datorren asteburuko norgehiagokan hautsiko du Mumbruk.

Pere Tomas 17 punturekin eta Landry 15ekin izan ziren onenak CAIn.

Larunbatean euskal derbian jokatuko da Miribillan Bilbao Basketek Gipuzkoa Basket hartuko baitu gaueko 21:00etan.

 

Argazkia: ACB Photo