Estudiantes eta Obradorioren kontrako porroten ostean, Bilbao Basketek bere aurpegi ona erakustea espero zuten larunbat arratsaldean Miribillan bildu ziren 8.974 zaleek, etxetik kanpo galdutako norgehiagoka baten ostean, beltzezko gizonek garaipena lortuko zutelakoan Bilbao Arenan. Ez zen hori gertatu ordea. Agian denboraldi osoan mailarik gorenean egoteko egindako esfortzua sumatzen ari dira beltzezko gizonak.
Lehia ondo baino hobeto hasi zen Sito Alonsoren mutilen intereserako, lehenengo bi minututan 9-2ko partziala lortu baitzuten. Kanpotarrak baretu eta apurka markagailuan hurbiltzen joan ziren, aurretik jarri arte (11-12). Tenerifek bost hiruko jarraian sartu zituen, laurdena 26-27 amaitu zelarik irlakoentzat.
Bigarren laurdenak kolore horia izan zuen hasi eta bukatu. Beste 27 puntu lortu zituzten Alejandro Martinezen mutilek eta, defentsa ona baliatuz, 16 puntu bakarrik hartu zituzten. Horrela atsedenaldira 42-54ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak.
Aldageletatik bueltan, etxekoen ohiko erreakzioa espero zen. Baina kosta egin zitzaien beltzezko gizonei. 18 puntuko desabantaila izan zuten aldi batean. Aurreko bi laurdenetan ez bezala, Tenerifek 20 puntu "soilik" sartu zituen eta 23 hartu. Hirugarrren laurdenaren amaieran 65-74 zen markagailua eta bazirudien bilbotarrak partidura bueltatu zirela.
Aldea 7 puntura murriztu zuten etxekoek, baina hor bukatu ziren beltzezko gizonen indarrak. Nico Richotti argentinarrak bere taldearen agintea hartu zuen hiru hiruko sartuta. Kanpotarrak 23 puntuko aldea izatera heldu ziren. Azkenean 83-101 izan zen markagailua. Eztabaidarik gabeko garaipena irlakoentzat: hiru laurdenetan 27na puntu sartu eta 27 saiakeratik 16 hiruko sartu zituzten.
Bilbao Basketen, 19 puntu lortuta eta 12 errebote hartuta, Marko Todorovic izan zen izarra. Berarekin batera Mumbru 18 punturekin, Bertans 14 puntu eta 3 asistentziekin eta Colom 13 puntu eta 4 asistentziekin nabarmendu ziren.
Tenerifeko jokalarien artean izen bat aipatu beharra dago beste guztien gainetik: Nico Richotti. 25 puntu (7 hiruko 9tik), 3 errebote eta 4 asistentzia lortu zituen argentinarrak. Beragandik urruti Blanco 11 punturekin eta San Miguel, Sekulic eta Beiranek 10na puntu sartu zituzten.
Norgehiagoka zaila du igande eguerdian Bilbao Basketek. Madrilen 12:15ean Real Madrili egingo dio bisita (etb1).