Bolada txarrari amaiera

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko mai. 4a, 10:00

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Luzapenean gailendu zitzaion Bilbao Basket Joventuti (95-92).

Bilbao Basketek larunbatean eman zion amaiera hilabete beltz batí. Azkenengo lau porroten ostean, zale bilbotarrek euren taldearen garaipen bat ikusteko parada izan zuten berriz, emozioz beteriko norgehiagoka batean.

Beltzezko gizonak ez ziren ondo kantxaratu. "La Penyak" etxekoen defensa ahula aprobetxatuz puntuak pilatzen hasi zen (Suton batez ere, 10 lortuta). 14 puntura heldu zen Salva Maldonadoren mutilek lortutako errenta. Lehenengo laurdenaren amaieran 20-29.

0-5eko batekin, kanpotarrek 14 puntuko errenta hartu zuten berriz eta lehia apurtuta zegoela zirudien. Baina Colom eta Lopezen gidaritzapean, talde bilbotarra aldea murrizten hasi zen, atsedenaldira iristeko segundo batzuen faltan 42na lehia berdinduz. Jovenutek saskiratze bat lortu zuen aldageletara bi puntuko errentarekin joateko (42-44).

Bertansen hiruko batekin Sito Alonsoren mutilek markagailua iraultzeko kapaz izan baziren ere, kanpotarrek partzial txikia lortu zuten berriz bost puntuko errenta lortzeko. Erantzuna Colom eta Marko Todorovicen eskutik etorri zen, markagailua aurretik jartzeko (64-59).

Azkenengo laurdenean dena erabakitzeke. Puntu batera hurbildu ziren kanpotarrak, baina Mumbru eta Markoren artean partidua euren taldearen alde erabakita utzi zutela zirudien. Joventut, talde lehiakorra zergatik den erakutsi zuen, 40 minutuak amaitzeko segundu batzuen faltan markagailua berdintzeko kapaz izan baitzen. Bertansek hiruko bat lortu zuen 30 segundoren faltan. Hurrengo erasoan Malletek 82-82koa eskuratu zuen. Azkenengo jabetzan Raul Lopezek 6 metrotik ez zuen biko jaurtiketa sartu, eta hortaz lehiak bost minutu gehiago izan zituen.

Luzapenean Mumbru eta Lopez izan ziren gidariak. Kapitainaren hirukoek eta joko antolatzailearen jaurtiketa libreek beltzezko gizonei garaipena eman zien, denboraldiko 19. garaipena lortzeko (95-92).

Bertans (19 puntu), Lopez (17 puntu, 10/10 jaurtiketa libreetan), Colom (16 puntu, 5 asistentzia), Marko Todorovic (15 puntu, 10 errebote jardunaldiko MVPa lortzeko) eta Mumbru (15 puntu) izan ziren onenak Bilbao Basketen.

Maldonadoren mutilen artean Hanna 20 punturekin, Suton 15 puntu eta 8 erreboterekin eta Mallet 11 punturekin nabarmendu ziren.

Palau Blaugranan jokatuko du Bilbao Basketek larunbatean gaueko 21:00etan Bartzelonaren kontra (etb1) hurrengo partidua.