Luzapenean galdutako partidua; laugarren sailkapenean

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko mai. 25a, 09:00

Puntu batengatik galdu zuen atzo Bilbao Basketek Unicajaren aurka (93-94) baina play-offetako lehenengo kanporaketan kantxa faktorea izango du.

Quino Colomek izan zuen partidua irabazteko jaurtiketa, bai derrigorrezko 40 minutuen hastapenean, bai luzapeneko azken jokaldian ere. Batzuetan baloia sartu egiten den moduan, atzo ez zen horrela izan. Noski, Bilbao Basketeko antolatzaileari ezin zaio ezertxo ere leporatu. 

Unicaja bere bolada txarrari amaiera emateko asmoz kantxaratu zen eta etxeko taldea laugarren postua ziurtatzeko beste emaitzen menpe egon barik. Gauzak horrela, partidua parekatua hasi zen. Malagako taldeak 7 saiakeratik 4 hiruko lortu zituen. Alonsoren taldeak Marko Todorovic zuen gidari 10 punturekin. Laurdena bilbotarren alde bukatu zen 22-19, 11-3ko partzial bat lortu ostean.

Bi jaurtiketa libre Alonsoren taldearentzat eta 11 Joan Plazaren mutilentzat. Epaileen lana oso eztabaidatua izan zen Miribillako zalegoaren partetik bigarren laurdenean. Defentsak kantxaren bi aldeetan zorroztu ziren eta horrek erasoan hutsak agertzea ahalbidetu zuen. Ryan Toolsonen bi hirukoek markagailua 36-41ra jarri zuten atzedenaldian.

Jokalari amerikarrak bere taldearen erantzunkizuna hartu zuen aldageletatik bueltan. Berarekin batera Vasileiadis beltzezko gizon ohia ere puntuak pilatzen aritu zen. Hamar puntuko errenta izan zuten Olazarenek (47-57) laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela. 52-58 zen markagailua lehenengo 30 minutuen ostean.

Dejan Todorovicek bi hiruko lortu zituen azkenengo laurdenaren hasieran; berriz hasierako parekotasuna lortuz kantxan. Markagailuan berdinketak nagusi. 80-82koarekin eta segundo gitxiren faltan, Colomek lehia berdintzea lortu zuen. Ez hori bakarrik, kanpotarrak erasoko jokaldia prestatzen zuedenean, antolatzaileak baloia lapurtu eta saskirako bidea hartu zuen. Baina arestian esandako moduan, baloia ez zen sartu eta norgehiagokak beste bost minutu izan zituen.

Luzapenean bi taldeek nahiz eta sailkapenean izango zuten postua jakin, ez zuten intentsitatea jaitsi. Berdintasuna nagusi. Azkenengo segunduetan Toolsonek kanpotarren garaipena ziurtatuko zuen hirukoa lortu zuen, azkenengo jokaldian Vazquezek Colomen jaurtiketa ondo defendatu baitzuen. Amaieran 93-94, Unicaja hirugarren sailkapenean eta beltzezko gizonak laugarren.

Andorrako antolatzailea eta montenegroko pibota nabarmendu ziren Bilbao Basketen. Lehenengoa 19 puntu eta 11 asistentziekin; bigarrena 18 puntu eta 8 errebote lortuta. Bersiekin batera 13na puntu lortuta Mumbru eta Dejan Todorovic. 

Kanpotarren artean, Ryan Toolson 22 punturekin, Vazquez 14rekin, Kuzminskas 13rekin eta Vasileiadis 12rekin izan ziren onenak. 

Ligak ez du etenik eta ostegun honetan play-offak hasten dira. Bilbao Basketen lehenengo arerioa Valentzia Basket izango da. Kanporaketaren lehenengo partidua Miribillan jokatuko da.

 

Argazkia: Bilbao BaskeAitor Arrizabalaga