Larunbatean Bilbao Basketek Fuente de San Luis pabiloian irabazi ostean (76-80), atzokoa hil ala biziko lehia zen bai beltzezko gizonentzat, bai Valentzia Basketentzat. Aurkaria garaitu edo denboraldiari agur esan behar. Pasa den ostegunean bezala, kanpotarrek irabazi zuten.
Talde 'taronja' bikain hasi zen erasoan Van Rossom gidari zela. Duraen taldeak alde erosoak izan zituen lehenengo laurdenean, partidua apurtu barik baina antsietaterik gabe jokatzeko bai (7 puntukoa gehienez). Etxekoen artean Bertans nabarmendu zen. Lehenengo hamara minutuak bukatuta, 16-21.
Nahiz eta "Tay" Williamsek segidan 6 puntu sartu, talde valentziarra ez zen kokildu eta bere horretan jarraitu zuen, aldea handituz (24-23). Hiru puntura jarri ziren beltzezko gizonak, 33-36, baina Valentziak 0-9ko partzial batekin erantzun zuen, atsedenaldira 12 puntuko aldearekin heltzeko (33-45).
Mumbruk gidatu zuen hirugarren laurdenean Bilbao Basketen erreakzioa. Defentsa estutu zuten etxekoek eta bi puntura jarri ziren. Larunbatean gertaturikoa errepikatuko zela zirudien (11 puntuko aldea irauli zuten Sito Alonsorenek), baina laurdena 53-57 bukatu zen.
Bederatzi minuturen faltan partidua amaitu zela zirudien, 53-62 jarri baitziren Duranen mutilak. Hor agertu zen beltzezko gizonen sen lehiakorra eta 64na berdindu zuten lehia bost minuturen faltan. Markagailua hori zela, jokaldi polemiko bat gertatu zen (Sito Alonsok errekurtsoa aurkeztuko dutela esan zuen). 24 segunduko jabetza bukatuta eta sirena entzun ostean, Harangodyk saskiratze bat lortu zuen. Partidua amaitzeko gutxi falta zen eta Hervellek bi jaurtiketa libre huts egin zituean, Mumbruk erasoko errrebotea hartu eta saskiratzea lortzeaz aparte, falta egin zioten. Jaurtiketa librea sartu eta 70-69 beltzezko gizonen alde. Kanporaketaren lehenengo partiduan gertatu zen bezala, Pau Ribas agertu zen bere taldearen salbatzaile rola hartuz. Bere bi jaurtiketa libreek 70-71koa markagailuan jarri zuten eta, nahiz eta Mumbruk partidua irabazteko saskiratzea bilatu, ez zen berriz elektronikoa mugitu, denboraldiari amaiera jarriz.
16 puntu lortuta Mumbru izan zen onena Bilbao Basketen, Williams 14 puntu eta 6 erreboterekin, Bertans 11 punturekin eta Marko Todorovic 10 punturekin ere nabarmendu ziren.
Kanpotarren artean Van Rossom, Dubljevic eta Ribas nabarmendu ziren 14,13 eta 11 puntu lortuta, hurrenez hurren.