Urriaren 10a hurbiltzen ari da. Egun horretan Bilbao Basketek aurtengo denboraldiari hasiera emango dio Andorraren aurka. Data heldu arte, talde bilbotarra prestakuntzan buru-belarri dihardu. Orain arte 6 lehia jokatu dituzte Sito Alonsok zuzendutako mutilek 5-1eko balantze postiboarekin. Garaipenak Zornotza, Manresa, Gipuzkoa Basket, Obradoiro eta Joventuten aurka heldu ziren ("Penyaren" aurkakoa atzo) eta porrot bakarra Valentziaren kontra izan zen Burgosen jokatutako txapelketa solidarioan. Raul Lopez, Dejan Todorovic minduta egon ziren lehia horretan; pibotak orkatilean edema bat zuela ikusi zuten medikuek baina zorionez jokalariarentzat, ez da luzaroan kantxetatik kanpo egon, atzoko garaipenean parte hartu baitzuen. Beste bi norgehiagoka jokatuko dituzte "beltzezko gizonek": bihar Manresaren aurka eta Zaragozaren kontra datorren igandean. Entrenatzaile madrildarra pozik agertu da lortutako emaitzekin baina behin baino gehiagotan gogoratu du partidu hauetan erritmoa hartzea eta sortu ahal diren akatsak zuzentzea dela helburu nagusia.
Aurredenboraldiko bostgarren partidua arte Alonsok ez zituen jokalari guztiak bere aginduetara izan. Axel Hervelle hirugarren lehiarako heldu zen Belgikarekin Eurobasketean lan txukuna egin ostean. Partidu berean Dejan Todorovicek prestaketan lehenengoz jokatu zuen; Unicajak utzita berriz Bilbon jokatuko duela jakin ondoren. Eurobasketean parte hartu zuen beste "beltzezko gizona" Dairis Bertans izan zen. Letoniarrrak ere lan aparta egin zuen eta Burgosen lehiatu zen lehenengoz aurredenboraldian.
Alex Mumbru hiruko jaurtiketen txapelketan
Urriaren 2 eta 3an Superkopa jokatuko da Malagan eta bertan, Bilbao Basketek ordezkaria izango du. Alex Mumbru kapitainak larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, lehiatuko da hiruko jaurtiketen txapeleketan. Alex Abrines, Jaycee Carroll, Dani Diez, Demond Mallet, Paula Palomares eta Sasu Salinekin neurtuko ditu indarrak.
Argazkia: Bilbao Basket