Hasiera ona

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko urr. 12a, 11:42

Argazkia: ACB Photo

Denboraldiko aurreneko norgehiagokan Bilbao Basketek ez zuen arazo handirik izan Andorra mendean hartzeko (69-79)

Bizitzaren arlo guztietan, ondo hastea gomendagarria da konfiantza hartzeko. Hori egin zuen atzo arratsaldean Bilbao Basketek Andorran. Aurpegi berri asko egon arren, taldearen nortasuna agerian geratu zen, defentsa eta taldeko jokoa (hiru jokalari 10 puntu baino gehiago lortuta eta beste bost 8 edo gehiagorekin).

Hervellek lortu zuen 2015-2016 denboraldiko lehen saskiratzea "beltzezko gizonentzat". Jarraian etxekoek erreskan 7 puntu lortu zituzten baina hirukoen bidez (lau jokalari desberdinek bana) azkar irauli zuten markagailua Alonsorenek. 6'75ko marraz atzeko jaurtiketa aurten ere talde bilbotarraren mehatxuetako bat izango da. Lehen laurdenean Shawn James nabarmendu zen, aulkitik kantxaratu eta hiru minututan 7 puntu lortu baitzituen. Lehenengo hamar minutuak bukatuta, markagailua kanpotarren aldekoa zen (21-25).

Bigarren laurdenean hasieran bi taldeek puntuak lortzeko arazoak izan zituzten, biek ala biek defentsa zorrotza erakutsi baitzuten. David Navarro zen etxekoen aldetik bere taldea partiduan mantentzen zuena. Bilbao Basketek etxekoen saskiratze bakoitza beste batekin erantzuten zuen eta atsedenaldira sei puntuko aldearekin joan ziren (35-41).

Orokorrean gertatzen den legez, aldageletatik bueltan, markagailuan atzetik dagoen taldearen erreakzioa heldu zen. Andorrak hirugarren laurdenaren hasieran partidua 43na berdindu zuen. Jarraian Mumbruren hiruko bat eta Hannahren biko batekin, Sito Alonsok zuzendutako mutilek etxekoek partidua eurengain hartzeko zuten asmoak zapuztu zituzten. Markagailuan hurbildu bai baina lehiaren kontrola hartu ez. Estu joan zen hirugarren laurdena Alex Suarezen hiruko batekin amaitu zen (54-58 beltzezko gizonen alde).

0-11ko partziala lortu zuen Bilbao Basketek azken laurdenaren hasieran eta maldan behera egin zitzaion norgehiagoka kanpotarrei, aldea 15 puntura handituz. Andorrakoen erreakzioa alferrikakoa izan zen eta horren bestez Bilbao Basketek bere lehenengo garaipena erdietsi zuen (69-79).

Mumbru 15 puntu lortuta eta James eta Ruoff 13na sartuta "beltzezko gizonen" aldetik nabarmendu ziren.

Etxekoen artean, Navarro 17 punturekin eta Stojanovski 14rekin izan ziren Andorraren izarrak.

Gaur hasten den astean, Bilbao Basketek bi lehia jokatu beharko ditu, biak Miribillan. Asteazkenean EuroCupen Nanterren aurka (20:30) eta igandean Kanaria Handiaren kontra (13:00).