Argia itzali bailitzan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko urr. 20a, 15:00

Azken laurden zatarra, erabakigarria izan zen Kanaria Handiak Miribillatik garaipena eramateko (59-85).

Bost egunen buruan egoera bera bizi izan da Bilbao Arenako parket gainean. Etxeko taldeak txakalaldia izan zuen laurden batean eta hamar minutu horietan erakutsitako joko ezak lehia osoko lana ezer ezean utzi zuen. Asteazkenean Nanterren aurkako norgehiagokan bigarren partziala izan zen hori; igandeko partiduan azkenengoan.

Aito Garcia Reneses "maisuak" zuzendutako taldearen aurkako lehia ondo hasi zen "beltzezko gizonentzat", Shawn Jamesen bost puntuekin. Lehen laurden horretan etxekoek sei puntuko errenta izan zuten (12-6) baina apurka-apurka Kanaria Handia partiduan sartu zen, lehenengo hamar minutuak 14-13ko markagailuarekin bukatuz.

Kanpotarren erreakzioak bigarren partzialean jarraipena izan zuen. Oliverren gidaritzapean, markagailua iraultzea lortu zuten. Borg eta Suarezen eskutik markagailua 24na berdintzea lortu zuten Sito Alonsorenek. Bi zonetan defentsa zen nagusi eta horrek garesti jarri zuen saskiratzeak lortzea. Atsedenaldian 33-36ko emaitza erakusten zuen elektronikoak, kanpotarrak sei puntuko errenta izatera heldu baziren ere.

Aldageletatik itzultzean, Kanaria Handiak hartu zuen lehiaren gidaritza. "Beltzezko gizonak" markagailuari eusten ahalegindu ziren, aldeak oso handia izan ez zedin. Baina lehen zatian hirukoetan izan ez zuten asmatzea izan zuten hirugarren laurdenean. Horren ondorioz, 49-57koa zen markagailua laurdena amaituta.

Partiduko 27. minutuan (hirugarren laurdeana bukatzeko hiru minuturen faltan) hasi ziren komeriak etxeko taldearentzat. Ideia falta, iluntasuna. Taldea ez zen gai izan ez puntuak eskuratzeko, ezta arerioaren erasoak saiesteko ere. Lehia amaitzeko hiru minutu falta zirela eskuratu zituen Bilbao Basketek bere lehenengo puntuak. Hamar minutu luze horietan partziala beldurgarria izan zen Aitorren mutilen alde: 0-23. Isiltasuna harmailetan, jendea begiak igurtsiz, sinistu ezinik. Azkenean 59-85 eta ligako lehenengo porrota ligan Bilbao Basketentzat.

10 puntu, 8 errebote eta 2 txapel lortuta Shawn James izan zen "beltzezko gizonik" onena. Kanpotarren aldetik, OLiver joku antolatzailea 17 puntu eskuratuta eta Pangos 14rekin nabarmendu ziren.

Eurocup: Bigarren jardunaldia

Ordu gitxi barru Bilbao Basketek Bonn-en jokatuko du aurreko asteko bi porrotak ahaztu arazteko balioko duen garaipena lortu nahian. Talde alemaniarra multzoko buru da, lehenengo jardunaldian Oldenburgi derbia irabazi ostean, eta orotara lau partidu irabazi ditu erreskadan, etxeko txapelketa kontuan hartuta. 19:30etan izango da norgehiagoka (etb1).

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga