Bi aurpegi

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko urr. 22a, 09:06

Bilbao Basketek zauriak arindu zituen asteartean Bonn-en Eurocupeko lehenengo garaipena lortuta (81-90). Lehiaren norakoa ikusita, behar baino gehiago sufritu zuen talde bilbotarrak.

Astearteko partiduak bi zati zeharo desberdinak izan zituen. Lehenengo zatian arazo barik ibili ziren "beltzezko gizonak", lehia kontrolpean izanda. Bigarrenean aldiz majo sufritu behar izan zuten Alonsorenek. Jekyll eta Hyde.

Pasa den asteko bi porroten ostean atzoko lehiak behar baino garrantzi gehiago zuen. Denboraldi hasieran egonda, hirugarren norgehiagoka segidan galtzeak animikoki eragin negatiboa izan zezakeen. Eta hasieran urduritasuna somatzen zen bilbotarren aldetik. Jaurtiketa kaskarrak, errebotean kamuts. Baretu ostean eta Mumbru kapitainaren gidaritzapean gauzak berdintzen hasi ziren. Eta Jamesen agerraldiak "beltzezko gizonak" (zuriz atzo) norgehiagokak kolore bakarra izatea ahalbidetu zuen. Defentsan sendo, erreboteak bereganatuz eta erasoan zital. 13-12 zen markagailua seigarren minutuan. Lehenengo laurdenaren amaieran 15-31. Atera kontuak.

Bigarren laurdenaren hasieran kanpotarren jokoak bere horretan jarraitu zuen. Beste bost puntu jarraian 21 puntuko errenta lortzeko, lehia bukatzeko 28 minuturen faltan. Igandean Miribilllan Alonsok zuzenduriko mutilek Kanaria Handiaren kontra jasan behar izan zutena, Bonnek pairatu zuen. Sei minututan 2-24ko partziala. Graipena patrikan ia izerdirik botatzeko denbora barik. Bilbao Basketek 22 puntuko gehiegizko aldea izan zuen. Hiru egunetan bilbotarren jokoak 180 graduko aldaketa izan zuen; serio, kementsu. Atsedenaldian elektronikoak 33-49 erakusten zuen.

Hamabost minutuko geraldia ez zen batere onuragarria izan "beltzezko gizonentzat" eta kontrakoa etxekoentzat. Alemaniarrak ideiak argitu zituzten aldageletan euren jokoa hobetzeko. Hirukoak erabiliz aldea murrizteko aukerak izan zuten baina aldea 10-11 puntu bitartean ibili zen. Erreakzioa ez zen handia izan alemaniarren aldetik, momentu horretara arte. 30 minutu jokatuta markagailua 55-66 zen. 

Azkenengo laurdenean aldea berdin mantendu zen. Eroso antzean ibiltzen zen Bilbao Basket diferentzia kudeatuz. Baina aurreko laurdenean antzematen zen erreakzioa, sei minuturen faltan etorri zen alemaniarren aldetik. Hiru puntura jarri ziren. Argi gorria piztu zitzaien bilbotarrei. Hor agertu zen Raul. Hirugarren laurdenean sei puntu sartu baitzituen, garrantzitsuena momentu beroetan izandako kontrola izan zen. Esperientzia garrantzitsua dela esaten da beti eta Viceko joko antolatzaileak erakutsi zuen. Jokoan sosegua jarriz, taldea orekatu eta sua amatatu zuen. Azkenean 9 puntuko aldea markagailuan (81-90) eta aurtengo denboraldian kontinente zaharrean barrena lorturiko lehenengo garaipena patrikara.

Bost jokalarik hamar puntu baino gehiago lortu zituzten bilbotarren aldetik: Bertans (159, Todorovic (14, jaurtiketa guztiak sartuta, hiru biko, bi hiruko eta bi bateko), Mumbru (12), Ruoff (12) eta Hannah (11). Zenbaki bikitzak lortu ez zituena baina nabarmentzeko lehia jokatu zuena James izan zen. Guyanakoak 9 puntu, 8 errebote eta 3 txapelekin bukatu zuen. 

Bonnen aldetik White 15 punturekin eta Mckinney 14rekin izan ziren izarrak.

ACB ligan izango du hurrengo erronka Bilbao Basketek. Euskal derbia Illunben Gipuzkoa Basketen aurka (13:00)

 

Argazkia: Jörn Wolter/Telekom Baskets Bonn