Nagusitasuna, hasi eta buka

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko urr. 26a, 10:18

Denboraldiko lehenengo derbian, Bilbao Basketek aise irabazi zion Illunben Gipuzkoa Basketi Raul Lopezek ACB ligan jokatzen zuen 40. norgehiagokan (63-75).

Zazpi eguenen buruan Bilbao Basketek etxetik kanpo hiru norgehiagoka jokatu beharrak (Bonn, Donosti eta Oldenburg, azken hau bihar) momentuz onurak bakarrik ekarri dizkio taldeari. Bihar Eurocupeko lehian zer gertatzen den ikusi beharra dago, baina momentuz aste honetako lehietan garaile atera dira bilbotarrak. Pasa den asteartean bederatzi puntuko aldearekin (22koa izan ondoren) eta atzo eguerdian 12 puntuz gailendu zitzaion Gipuzkoa Basketi. Bietan nagusitasuna erakutsi zuten Sito Alonsoren mutilek.

Etxekoek egin zituzten partiduko lehen saskiratzeak. 5-4 jarri ziren gipuzkoarrak aurretik eta hori izan zen Ponsarnauren mutilak elektronikoan aurretik egon ziren azkenen aldia. Momentu horretatik aurrera "beltzezko gizonak" jaun eta jabe aritu ziren Illunbeko kantxan. Kanpotarren hiru hirukok (Hannah-k bi eta Mumbruk bestea) eta kapitainaren biko batek, 6-15koa jarri zuten. Lehia ahalik eta lasterren apurtu nahi zuten bilbotarrek eta hori izan zen lehenengo abisua. Gipuzkoarrak ez ziren kokildu ordea eta bi puntura murriztu zuten aldea. Beste saskiratze batzuen ostean, lehenengo hamar minutuak 14-18ko markagailuarekin bukatu ziren.

Defentsa zorroztuz hasi zuen Bilbao Basketek bigarren laurdena. Erasoan lehia hausteko bigarren abisua eman zuten, atsedenaldirako 6 minuturen faltan hamar puntuko aldea jarriz (16-26). Berriz ere, etxekoen erreakzioa heldu zen, puntu bakar batera hurbildu baitziren. Hirugarrenean "beltzezko gizonek" partidua hautsi zuten. Euren jokoa baliatuz eta gipuzkoarren defentsa ahula probestuz, aitaren batean 25-43koa ezarri zuten markagailuan. Aldageletako bidea hartu baino lehen, etxekoek biko bat sartu zuten eta Raul Lopezek azken segunduan hiruko bat lortu zuen. 27-46 lehia erdian.

Derrigorrezko 15 minutuko geldiunea bukatuta, kantxan ez zen aldaketa handirik egon. Urtasun saiatzen zen donostiarren erantzunkizuna harzen hirugarren laurdenean baina alferrikakoa izan zen, saskiratze bakoitza arerioen erantzuna jasotzen baitzuen. Hirugarren laurden horretan gehienez hamabi puntura hurbildu ziren etxekoak (44-56). Illunben bildutako 4000 pertsonek (ehun bat bilbotar) kanpotarren nagusitasuna ikusten zuten soilik. Azkenengo laurdena hasi baino lehen 44-59 zen elektronikoak erakusten zuena.

Azkenengo hamar minutuetan aldea kudeatu zuen Bilbao Basketek aurtengo denboraldian ligan jokatutako hiru partiduetan bigarren garaipena lortzeko (bestea Andorran izan zen estreineko lehian).

20 puntu. 7 errebote. Hauek dira Alex Mumbruk atzo lorturiko zenbakiak. Kapitaina izan zen bilbotarren artean onena. Bere parean 18 puntu eta 3 asistentzia lortuta. Clevin Hannah kokatu zen. Raul Lopezek 10 puntu eta 4 asistentzia eskuratu zituen bere 400. partiduan ACB ligan.

Donostiarren aldetik, Doblas, Urtasun eta Jordi Grimau nabarmendu ziren, 14, 12 eta 11 puntu lortuta, hurrenez-hurren.

Bilbao Basketek bihar arratsaldeko 20:00etan (etb1) Eurocupeko hirugarren lehia jokatuko du Oldenburgen kontra.

 

Argazkia: ACB Photo