Rock talde handien antzera, azken zazpi egunetan Bilbao Basketek "European Tour" bat egin du Alemania eta Euskal Herria artean, Bonn, Donosti eta Oldenburgen jokatu baititu bere azken hiru partiduak. Balantzea ezin hobea da, hiru garaipen eskuratuta bueltan datozelako Bilbora. Gaurko lehian, Oldenburg ez da aurkari izan Sito Alonsoren mutilentzat.
Lehenengo 20 minutuetan norgehiagoka erabakita utzi dute "beltzezko gizonek", defentsa zorrotza erakutsiz eta erasoan hiruko saskiratzeak oinarri izanda. Alemaniarren defentsa biguna izan da bilbotarren mesederako eta sistemak egoki burutzeko parada izan dute hasieratik. Hannahek maisuki zuzendu ditu bere taldekideak egoera onuragarria probestuz eta ez du jaurtiketa erosoak egiteko aukera alferrik galdu. Bilbao Basketek bere arerioa hasierako jauzitik zapaldu du, ez dio inolako aukerarik eman. Lehenengo laurdenaren amaieran bederatzikoa zen aldea (16-27) eta atsedenaldian 16 puntukoa (29-45).
Gauzak horrela, bigarren zatia zaleen aurrean (2.449 estatistika ofizialaren arabera) egindako entrenamendu modukoa izan da. Ez da inolako emoziorik egon, aldea areagotuz joan baita Bilbao Basket. Oldenburgek ez du erreakzionatzeko asmorik erakutsi. Ez du hortarako aukerarik izan hobe esanda, kanpotarrek ez dutelako jokoa moteldu. Esanguratsua da aipatzea bigarren zatian ez dela Sito Alonsoren taldeko jokalari garrantzitsuen partehartzerik izan, partiduaren norakoa ikusita. Amaieran 60-94 izan da bilbotarren alde elektronikoak erakusten zuen emaitza.
Bertans izan da "beltzezko gizonen" saskilaratzailerik nagusiena 17 puntu sartuta. Arestian esan dudan legez, Hannahek ere lehia oso ona jokatu du gaurkoan. Rochesterreko joko antolatzaileak 15 puntu sartu ditu eta 7 asistentzia banatu ditu. Borg eta Ruoffek 12na puntu eskuratu dituzte eta Jamesek 10. Taldeak 6'75ko marratik egindako 30 jaurtiketetatik 16 eskuratu ditu eta Borja Mendiak estreinekoz jokatu du denboraldi honetan.
Oldenburgen partez, Smeulders 14 puntu eskuratuta eta Paulding nabarmendu dira.
Igandean arratsaldeko 19:30ean Miribillako berotasunera itzuliko da Bilbao Basket. Aurrean Unicaja Malaga izango du ACB ligako laugarren jardunaldiari amaiera emango dion norgehiagokan.
Argazkia: ULF Duda/fotoduda.de