9.102 ikus-entzuleren aurrean, Bilbao Basketek partiduaren erritmoa jarri zuen hasieratik eta bukaeraraino Unicaja Malaga alde batetik bestera dantzan jarriz. "Beltzezko gizonak" orkestra bihurtu ziren, non kide guztiek euren esfortzuak bateratu zituzten sinfonia perfektua sortuz.
Izan ere, partidua hasi baino lehen, Miribillako harmailetan inork gutxik espero zuen lehia hain "erraz" joango zenik. Etxean lehenengo garaipena lortzea bai, baina ez halako aldearekin. Lehia parekatua hasi zen zortzigarren minutura arte. Momentu horretan 17-13koa zen markagailua Sito Alonsoren mutilentzat. Lehen laurdena bukatzeko falta ziren bi minutuetan 7-0 partziala lortu zuten etxekoek (24-13 hamargarren minutuan) eta bigarren laurdenaren lehenengo bi minutuetan 9-0 partziala. Lau minututan 16-0 eta 20 puntuko aldea. Atsedenaldira heldu baino lehen diferentzia 22koa izatera heldu zen arren, kanpotarren erreakzio txiki batek aldea murriztu zuen aldageletarako bidea hartu baino lehen (46-30).
Bilbao Basketen joko zorrotzak, Unicajaren erreakzio imintzioa zapuztu zuen. Hori gutxi ez balitz, zuloa handitu zuten Alonsorenek. 27 puntuko gehiegizko aldea lortu zuten etxekoek partidua bukatzeko hamabi minuturen faltan. Aurreko partidu batzuetan ez bezala, atzokoan ez zen gainbeherarik egon. "Beltzezko gizonek" berean jarraitu zuten, defentsan sendo eta erasoan baloia zentzuz mugituz, gehienetan jaurtiketak erosoak izanik. Hirugarren laurdenaren amaieran 72-50.
Gauzak horrela, errenta kudeatzea izan zen bilbotarren helburu nagusia laugarren laurdenean. Kanpotarrek 15 puntura hurbiltzea lortu zuten soilik. Azkenean 88-70, ligako hirugarren garaipena patrikara (lehenengoa etxean), Unicajaren aurkako estatistika txarrari amaiera eman zitzaion (azkenengo 6 norgehiagoketan 6 porrot) eta Bilbao Arenan bildutako zaleek gozatu ederrarekin etxerako bidea hartu zuten, baita Bilbao Basketeko jokalariak ere.
Bloke moduan jokatu zuten arren, batzuk besteak baino gehiago nabarmendu ziren Bilbao Basketen. Mumbruren zenbakiak izan ziren onenak (18 puntu, 5 errebote, 3 asistentzia). Puntu sorta bera lortu zuen Bertansek eta Jamesek 12na puntu eta 6 errebote eskuratu zituen. Hannahek 7 asistentzia banatu zituen eta arlo horretan jardunaldiko onena izan zen. Prentsaurrekoan Sito Alonsok guztien defentsako esfortzua nabarmendu zuen.
Kanpotarren aldetik, Kuzminskas 17 punturekin eta Nedovic 15ekin euren taldeko onenak izan ziren.
Saskibaloiak ez du etenik eta etzi Olimpija Ljuljana hartuko du Bilbao Basketek Miribillan arratsaldeko 20:30ean (etb1) eta igandean Fotis Katsikarisek zuzentzen duen Murtziari egingo diete bisita "beltzezko gizonek" 13:00etan.