Atzerapausoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko aza. 6a, 00:03

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Olimpija Ljubljanak ustekabean hartu zuen atzo Bilbao Basket (80-83)

Atzerapauso txikia eman zuen atzo Bilbao Basketek Bilbao Arenan azkenengo lau partiduak irabazi ostean. Esloveniako Olimpia Ljubljanak lotsagabe eta ausart jokatu zuen eta era horretan garaipena eskuratu zuten.

Irregulartasuna izan zen nagusi lehenengo laurdenean kantxa gainean. Alde batek partzial bat lortzen zuen (8-2), gero beste aldeak (0-9), etxekoen erantzuna (12-29 eta kanpotarren kontraerasoa (0-5). Gauzak horrela, lehenengo hamar minutuen amaieran 22-18 "beltzezko gizonen" alde.

Bigarren laurdenean talde esloveniar gaztea oldarkor azaldu zen joko zuzena eginez, Wright gidari zutela. Joko antolatzaile amerikarrak lehia bikaina jokatu zuen eta, hori baliatuta, euren taldekideak puntuak pilatzen hasi ziren. Nahiz eta partidua berdinduta izan, atsedenaldian 41-45 erakusten zuen elektronikoak.

Aldageletatik bueltan, plan berdinarekin jarriatu zuten kanpotarrek, aldea areagotu baitzuten (43-51). Sito Alonsorenek lehian bizirik irauteko erreakzionatu beharra zuten. Berau Hannah eta Syarezen eskutik etorri zen, aldea puntu batera murriztuz (57-58). Hirugarren laurdenaren bukaeran 59-61.

Azken laurdenean "beltzezko gizonak" markagailua iraultzea lortu zuten (63-61) baina hor etorri zen beste txakal aldi bat, non kanpotarrek 2-10eko partziala lortu zuten. Bukaerarako minutu eta erdi geratzen zela, emozioa zen nagusi. Hannahek 3+1eko bat lortuta 76na lehia berdintzea lortu zuen. Momentu bero horietan, kanpotarrek burua hotz mantendu zuten eta, nahiz eta azkenengo segundura arte saiatu, azkenean garaipenak Balkanetarako bidea hartu zuen (80-83).

Mumbru (15 puntu), Hannah (12), Hervelle eta Suarez (11na puntu) nabarmendu ziren "beltzezko gizonen" aldetik. Olimpijaren aldetik Wrigth (18 puntu, 5 asistentzia) eta Zagorac (17 puntu) izan ziren onenak.

Porrot hau ahazteko, igandean, Murtzian 13:00etan izango dute aukera Sito Alonsoren mutilek.