Eguerdi beltza

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko aza. 9a, 16:45

Argazkia: ACB Photo

Atsedenaldiaren ostean, Murtzia Bilbao Basketen gainetik pasa zen (96-68).

Emozioz beteriko kiroletan, errusiar mendietan bezala gora eta behera egiten du animoak. Lau garaipen segidan lortu ostean, bi porrot eskuratu ditu Bilbao Basketek bost egunen buruan eta euforia zena ezkortasuna bihurtu liteke "beltzezko gizonen" inguruan.

Atzoko lehiak bi zati zeharo desberdin izan zituen, aldageletara joan aurretik bat eta berriz kantxaratzeko momentua heldu zenean bestea. Lehenengo laurdenean kontrola izan zen nagusi. Bi taldeek defentsa gogorra erabili zuten eta saskiratzeak lortzea garesti zegoen. 22-19 amaitu ziren lehenengo hamar minutuak.

Bi taldeek ez zuten defentsako intentsitatea jaitsi eta horren ondorioa jokalariak falta asko jasotzea izan zen. Horrek ere puntu gehiago egotea ahalbidetu zuen, jaurtiketa libreen bidez izan bazen ere. Markagailuan aldaketa asko izan ziren bigarrren hamar minutu horietan, bai Katsikaris eta bai Alonsoren taldeek partzialak lortzen baitzituzten. Atsedenaldira 43-45eko markagailuarekin heldu ziren. Norgehiagoka estua joango zela zirudien...

...baina ez zen horrela izan. Shawn James izan zen falten eragina pairatzen lehena, laugarrena azkar egin baitzuen. Hori baliatu zuen etxeko taldeak elektronikoan aldea zabaltzeko (56-49). Adorea erakutsi zuen Bilbao Basketek diferentzia hiru puntura murrizteko (59-56) baina hortik aurrera ez zen "beltzezko gizonen" arrastorik izan, ez defentsan, ez erasoan ere. Hirugarren laurdenaren amaieran 71-59.

Azkenengo hamar minutuetan Murtziak nahi izan zuena egin zuen etsia zegoen aurkarirekin. Horren islada azken laurdenean izandako markagailua: 25-9. Etxekoek ez zuten inolako gupidarik izan ahul azaltzen zen Bilbao Basketekin. 28 puntuko aldea amaieran (96-68) eta denboraldiko lehen porrota etxetik kanpo Alonsoren mutilentzat.

Bilbao Basketen punturik gehien pilatu zutenak joko antolatzaileak izan ziren: Hannahek 13 eta Raulek 11. 9na lortu zuten James, Mumbru eta Hervellek. Katsikarisen taldean Antelo (18 puntu) eta Wood (15 puntu) nabarmendu ziren, hamar puntu edo gehiago lortu zituzten sei jokalarien artean.

 

Hurrengo lehia Eurocupen barruan jokatuko dute "beltzezko gizonek". Italian izango da Trentoren aurka (20:30 etb1).