Eurocupeko A multzoaren barruan Bilbao Basketek bere etxetik kanpoko hirugarren partidua jokatu zuen atzo Trenton eta, nahiko sufritu ondoren, hirugarren garaipena lortu zuen (denak Miribillatik urrun) eta multzoko lider jarri da Trento eta Nanterrekin batera.
Lehia txarto hasi zuten "beltzezko gizonek", 7-0 hasi baitziren etxekoak. Lehia parekatu zuten kanpotarrek partzial berdina lortuz. Bilbotarrek euren jokoa hiruko jaurtiketetan oinarritu zuten lehenengo laurden horretan baina hamar jaurtiketatik hiruk soilik aurkitu zuten saskia. 21-19 bukatu zen lehenengo laurdena.
Bilbao Basketek oreka lortu zuen bere jokoan bigarren laurdenean. Defentsa zorroztuz eta erasoan barruko eta kanpoko jokoa txandakatuz, Sito Alonsoren mutilek norgehiagokaren kontrola lortu zuten. Oreka horren ondorioz, jaurtiketen portzentaiak hobetu zituzten eta italiarrek ez zuten saskiratzeko bide errezik topatu. Atsedenaldian hamar puntukoa zen errenta kanpotarrentzat, 36-46.
Italiarrek defentsa zorroztu zuten aldageletatik bueltan eta erasoan hobeto jokatzen hasi ziren, aldea lau puntura murriztuz (48-52). Hannah-k jarraian bost puntu lortu zituen eta Hervellen beste birekin, lasaitasuna berreskuratu zuten "beltzezko gizonek" patsadaz jokatzeko. Hirugarren laurdenaren amaieran 52-64.
Aldea areagotu zuten Alonsorenek elektronikoak 55-71 erakusten baitzuen. Partiduak amaiera lasaia izango zuela ematen zuen. Ez zen horrela izan, italiarrek ez zutelako errez amore emango. 19-2ko partziala lortuz, markagailua iraultzea lortu zuten etxekoek. Bi miuturen faltan 74-73 euren alde eta bilbotarrek irabazita zirudien norgehiagoka galtzeko zorian zeuden. Sito Alonsok halabeharrez hutsartea eskatu zuen. Burua hotz mantentzeko eta eskumuturra berotzeko unea zen. 1-7ko partizala lortuz PalaTrenton bildutako 1770 zaleen esperantzak ezerezean geratu ziren. 75-80 legezko 40 minutuak amaituta.
Clevin Hannah izan zen zalantza barik jokalaririk onena Bilbao Basketen. Rochesterreko joko antolatzaileak 22 puntu lortu, 4 asistentzia banandu eta taldeak behar zuen ssegua eman zion taldeari. Amerikarrarekin batera, Mumbru 11 puntu loruta eta Hervelle 10 puntu eta 7 erreboterekin ere lehia ona burutu zuten.
Etxekoen aldetik, Sanders 14 punturekin eta Wright eta Lockett 12na punturekin nabarmendu ziren.
Saskibaloiak ez du etenik eta igandean Valentzia hartuko du Bilbao Basketek Miribilllan (tdp 18:00).