Saririk gabeko lana

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko aza. 16a, 12:35

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Une erabakagarrienetan izandako hutsengatik galdu zuen Bilbao Basketek bi luzapen izan zituen Valentziaren aurkako partidu bikaina (104-111).

Bizitzaren arlo guztietan bezala, lan eta esfortzuak ordainsaria dakar. Atzokoan ez zen horrela izan ordea, zorteak ere bere lekua duelako saskibaloian eta, are gehiago, olatuaren gandorrean dagoen talde baten aurka (Valentziak ez du ez Ligan ez Eurocupen norgehiagokarik galdu).

Lehia estua izan zuten "beltzezko gizonek" eta "taronjek". Parekotasuna nagusi kantxan. Talde bakoitzean jokalari batek hartu zuen ardura, Haanah etxekoen aldean, Rafa Martinez bestean. Nahiz eta Valentziak birritan zazpi puntuko aldea lortu, 23na bukatu zen lehenengo laurdena, azkenengo segundoan Raul Lopezek egindako jaurtiketa sartu ez zelako.

Bigarren laurdenean Bilbao Basketek kanpotarrek arestian lorturiko aldea eskuratu zuen, zazpi puntukoa alegia. Defentsa sendo bat erabiliz, Pedro Martinezen taldea bost minutuz saskiratzerik lortu ezinik ibili zen. Behin puntuak lortzen hasi zirela, berdintasuna bueltatu zen kantxara baina ez markagailura, aldageletara bi puntuko errentarekin joan baitzen Bilbao Basket (41-39).

Hamabost minutuko atsedenaldiaren ostean, aldeak ez ziren batere handiak izan. Kanpotarrek lau puntukoa eta etxekoek bikoa lortu zuten gehienez. Hirugarren laurdenaren erdian zorigaiztoko jokaldia gertatu zen, Sikma Hervellen aldaka gainean jauzi baitzen, belgikarra lurrean zela. 17 zenbakia errenka eta min keinu nabariekin aldageletara joan zen taldeko mediku eta fisioarekin batera. Aulkira bueltatu zen, baina ez zen berriz kantxaratu. 56-57 bukatu zen hirugarren laurdena. Dena erabakitzeke zegoen. Emozioa pil-pilean.

Norgehiagoka osoan gertatu bezala, derrigorrezko azken hamar minutuak ere parekatuak izan ziren. Defentsa sendoak bi aldeetan eta ondorioz puntuak lortzea garesti zegoen. Hastapenean, Ruoffek izan zuen aukera partidua erabakitzeko, baina lehia osoan ez bezala, jaurtiketa libre bat huts egin zuen eta hurrengo jokaldian Valentziak norgehiagoka. Hiru segundo falta ziren, baina Raul Lopez ez zen azkenengo jabetzan baloia saskian sartzeko kapaz izan.

Luzapenean gidoi berdina. Markagailua parean, bukaerarako gutxi falta zela aldea hartu zuen Bilbao Basketek, segundo batzuen faltan Valentziak berdindu eta azken jabetzan "beltzezko gizonek" ez zuten saskiratu, Bertansek kasu honetan. Beste bost minutu jokatu behar.

Azken minutura arte sufritu behar izan zuen Valentziak "garaitu gabeko" etiketa mantentzeko. Todorovicek saskia birrindu zuen elektronikoan 55 segundoren faltan, 104-103 ezarriz. Hor bukatu ziren etxekoen indarrak. 50 minutuko lehia ikusgarriaren ostean, Bilbao Basket 104-Valentzia Basket 111.

Bilbao Basketen, guztiek maila handia erakutsi zuten. Nor edo nor nabarmendu beharra badago, Hannah (22 puntu, 4 asistentzia), James (12 puntu, 6 errebote, 3 asistentzia eta 5 txapel) Mumbru, Bertans (12na punturekin) eta Ruoff (11 puntu, guztiak jaurtiketa libreak; bat bakarrik huts egin zuen).

31 puntu eta 10 errebote lortuta, Hamilton izan zen onena Pedro Martienezek zuzenduriko taldean. Berarekin batera, Van Rossom (16 puntu) eta San Emeterio (15 puntu; lehenengo hiru laurdenetan ez zuen saskiratu) nabarmendu ziren.

Igandean, 12:15ean, Sevillan du Ligan hurrengo hitzordua Bilbao Basketek.

 

Gaur bidaiatuko du Bilbao Basketek Frantziara

Parisen pasa den ostiralean izandako atentatuen ondoren, dudan zegoen bihar Nanterre eta "beltzezko gizonen" arteko norgehiagoka. Gaur goizean segurtasuna bermatu dute eta horrenbestez arratsaldean abiatuko dira bilbotarrak. Atzoko lesioaren ostean Hervell etxean geldituko da, Shawn Jamesekin batera, azken hori arrazoi pertsonalengatik. Pibotaren lekua Aboubacarrek hartuko du. Partidua arratsaldeko 20:30ean izango da (etb1).