Jokoan kontzentraturik

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko aza. 18a, 08:59

Bilbao Basketek ez zuen arazorik izan Nanterre garaitzeko (52-83) bart.

Norgehiagoka ez zen egoera normal batean jokatu. Parisetik hurbil, atentatuak gogoan, urduritasuna, taldekide batzuen falta... zaila giro horretatik aldentzea eta %100a kantxa gainean ematea. 'Beltzezko gizonak' jokoan kontzentratu dira Eurocupen laugarren garaipena lortzeko.

Nola lortu gainera, hasieratik, aurrean zegoen taldeari aukerarik eman gabe. 0-13 partiduko lehen lau minutuetan. Mumbru, Suarez eta Hannah (joko maila bikaina erakusten ari da azkenengo partiduetan amerikarra) gidari, Bilbao Basket norgehiagoka hasi bezain laster historia barik utzi zuten. Frantsesak (agian burua ostiralean gertatutakoan zutelako, beharbada arerioaren jokoagatik, edo bi arrazoiengatik) ez ziren erreakzionatzeko gai izan. Lehen hamar minutuetako markagailua esanguratsua izan zen: 9-20.

Bilbotarren portzentaiak ez ziren hain onak izan bigarren laurdenean, baina euren jokoa defentsan oinarrituz, ez zuten aldea kudeatzeko arazorik izan. Laurdenaren erdialdean Nanterren erreakzio imintzio bat egon zen baina ez zen horrelakorik gertatu, gehienez bederatzi puntura hurbildu baitziren (20-29). Atsedenaldian elektronikoak 29-44ko markagailua erakusten zuen.

Bueltan, lehiak dinamika berdina jarraitu zuen. Bilbao Basketek bere horretan jarraitu zuen, aldea handituz. Hirugarren laurdenean Bogris greziarrak taldeari zer eskaini ahal dion erakutsi zuen. Defentsako errebotean jaun eta jabe eta erasoan "pick and roll" jokaldiak maisuki eginaz. Jamesen falta aprobetxatu du Andorrako jokalari ohiak minutuak pilatzeko eta konfiantza hartzeko. 42-65 azkeneko laurdena hasi baino lehen.

Gidoi bera jarraituz, 'beltzezko gizonak' errenta areagotzen jardun zuten. Ez zuten frantziarren aldetik inolako oposiziorik izan. 40 minutuak bukatuta Nanterre 52-Bilbao Basket 83.

Onenak Bilbao Basketen Hannah (20 puntu, 4 errebote eta 4 asistentzia), Mumbru eta Suarez (14na puntu lortuta) nabarmendu dira. Aipatzekoa ere Boggrisek lorturiko 9 puntu eta 9 erreboteak.

Frantziarren aldetik, Jaiteh 12 punturekin eta Mitchell 11rekin izan dira izarrak.

Bilbao basketek igandean eguerdiko 12:30etan du bere hurrengo partidua Sevillaren aurka.

 

Argazkia: Bilbao Basket