Etxean ere irabazteko gai

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko aza. 26a, 16:46

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Eurocupen barruan bosgarren garaipena eskuratu zuen bart Bilbao Basketek, lehenengoa Miribillan (95-80).

Gutako edonork etxea gotorleku bihurtu nahi dugu, babesa eta berotasuna lortzeko, menderaezin sentitzeko. Bilbao Arena ezaguna izan bada horregatik izan da, baina aurtengo denboraldian gauzak ez dira horrela izaten ari, pabilioi arrotzetan hobeto moldatzen ari direlako "beltzezko gizonak". Horren adibiderik garbiena, atzo arte Eurocupen lorturiko garaipen guztiak Miribillatik at izan direla. Berandutu bada ere, bart Bilbao Basketek etxean ere irabazteko gai dela erakutsi zuen Bonn taldearen kontra.

Txarto hasi ziren gauzak ordea Sito Alonsoren mutilentzat. Jaurtiketa portzentaje kaxkarrak eta alemaniarrek zuten portzentaje onak 5-11koa jarri zuten elektronikoan. Alonsok fitxak mugitu zituen, Raul eta James kantxaratuz. Bilbotarren mesederako izan zen hori, jokoa hobetu zutelako. Guyanako pibotaren intimidazioak (baita Bogrisenak ere) bisitarien jaurtiketak kanpotik izatea behartu zuen. Suarezen bi hirukok markagailua irauli zuten eta hortik aurrera etxekoek hartu zuten partiduaren agintea. Lehenengo laurdenaren amaieran 19-17.

Hannah eta Ruoffen gidaritzapean, "beltzezko gizonak" aldea pixkanaka handitzen joan ziren. Alemaniarrek hiruko jaurtiketetan oinarritu zuten euren jokoa eta horrek mantentzen zuen Bonn bizirik norgehiagokan. Bilbao Basketeko 11 zenbakiak bi hiruko segidan sartu zituen aldageletara 46-34ko markagailuarekin joateko. Borja Mendia bilbotarrak laurden osoa jokatu zuen, Sito Alonsok lehia osteko prentsaurrekoan adierazi zuenez "minutuak bere lanarekin irabazi dituelako, ez nik eman dizkiodalako".

Atsedenaldi ostean, gidoia ez zen batere aldatu. Aldea kudeatzen ibili zen Bilbao Basket, nahiz eta kanpotarrak 6'75ko jaurtiketen bidez erreakzionatzeko imintzioa egin zuten. Mathias Fischerrenak 6 puntura hurbildu ziren, baina hor geratu zen kanpotarren gerturatzea, laurdenaren amaieran diferentzia 12 puntukoa baitzen berriz ere (69-57).

Azken laurdenaren hasieran Ruoffek lortutako biko batek jarri zuen markagailuan momentu hori arte eman zen diferentziarik handiena (14 puntu), eta geratzen ziren minutuetan "beltzezko gizonek" lasai jokatzeko parada izango zutela zirudien. Alemaniarrek ez zuten amore eman ordea. Lawrence eta McKinneyk hartu zuten euren taldeko erantzunkizuna eta, beste behin, aldea 6 puntura murriztu zuten. Bogrisek 2+1ek eta Suarezen hiruko batek alemaniarren erreakzioa bertan behera utzi zuten. Hortik aurrera maldan behera jarri zitzaion lehia Bilbao Basketi. Seydou Aboubacarrek bi minutu jokatzeko aukera izan zuen, Zornotza Saskibaloi Taldean dabilen pibotak "beltzezko gizonekin" debuta eginaz. Bukaeran 15 puntuko aldea, 95-80.

Hannahek 23 puntu eskuratu zituen, taldeko onena arlo horretan. Nabarmentzekoa ere Ruoffen 15 puntuak (7/7 biko jaurtiketeta) eta Suarezen 14ak (4/5 hirukoetan). Lawrence 16 punturekin eta Clarke 12rekin onenak izan ziren kanpotarren aldetik.

ACBn jokaturiko 400. partiduan garaipena lortu ostean (pasa den igandean Sevillan, 71-81) Real Madril hartuko du Bilbao Basketek Miribillako Bilbao Arenan igandean arratsaldeko 19:00etan (tdp).